argia.eus
INPRIMATU
25. urteurrenean, Jaizkibel Konpainia alardeko konpainia bat gehiago izateko eskaeran berretsi da
  • Koronabirusagatik desfilerik gauzatu ez den arren, Jaizkibel Konpainiak kaleak hartu ditu. Elkarretaratzea egin dute alarde parekidea aldarrikatzeko, eta uztailean egindako proposamena berriz plazaratu dute: datorren urtean alardeko konpainia bat gehiago izatea.

ARGIA @argia 2021eko irailaren 08a
Elkarretaratzeko irudia (Argazkia: @gorka_bm)

25 urte bete dira Hondarribian alarde parekidearen alde emakumeak protesta egin zuten lehenbiziko alditik. 1996an, 26 emakume alardean sartu ziren, eta irainka eta kolpeka hartu zituzten. Ordutik auziak bere horretan dirau, eta herriko festetan banaturik egiten dituzte desfileak: Alarde baztertzailea alde batetik, eta Jaizkibel Konpainia bestetik. Azken honek, gaur gaurkoz ere jasaten ditu beste aldekoen irain eta errefus keinuak, baina ez dute horregatik alde batera utzi orain mende laurden abiatutako borroka.

Aurten ere atera da kalera Jaizkibel Konapinia, koronabirusagatik desfilerik egin ez bada ere. Horren ordez, alarde parekidearen aldeko elkarretaratzea egin dute Martxoak 8 plazan. Bertatik jarraipena egin du Maddi Ane Txoperena Berriako kazetariak, eta Twitter bidez zabaldu du Jaizkibel Konpainiakoen mezua bertatik: alardea parekide izateko beste 25 urte ez direla pasako aldarri egiteaz gain, uztailean egindako proposamena airatu dute berriz, alardeko konpainia bat gehiago izatea, alegia. "Alardeko beste konpainia bat gehiago izateko eskaera egiten dugu, eta hori da datorren ikasturterako eskatzen duguna", adierazi du Jaizkibeleko kapitaina de Oihana Etxeberriak Hamaika Telebistari eskainitako elkarrizketan.