Trapagarango Productos Tubulares enpresan lanean ari zela hil da langilea. Igorreko Langoitia Estructuras Metálicas azpikontrataren enplegatua zen.
25 urteko langilea da Trapagarango Productos Tubulares enpresan hildakoa. Teilatuan ari zen jardunean 15 eta 20 metro arteko altueratik erori denean, eta istripuaren ondorioz bizia galdu du. Gaztea ez zen Trapagarango enpresako langilea, Igorreko Langoitia Estructuras Metálicas azkikontrataren enplegatua baizik.
Ezbeharraren ondorioz, Productos Tubulares enpresako langileek ostiraleko jarduna etetea erabaki dute. Enpresako komiteak jakinarazi duenaren arabera, enpresari eskatu diote ostiraleko lanuzteagatik deskontatu zaien soldata zendutako langilearen familiari emateko.
LAB sindikatuaren zenbaketaren arabera, 47 dira aurten Euskal Herrian hildako langileak, eta beste batek desagerturik dirau Zaldibarko zabortegian. Naiz-ek jasotako sindikatuaren adierazpenetan, jakinarazi dute iaz hildako langileen kopurua igaro dela aurtengoan, urtea amaitzeko lau hilabeteren faltan: "Aurten dena izan da berezia, konfinatuta egon gara eta, hala ere, iaz baino lan-istripu hilgarri gehiago izan dira. Izan ere, 2019an 46 pertsona hil ziren, eta aurten, urtea amaitu gabe, 47 dira hildakoak eta langile batek desagertuta jarraitzen du. Jakina, ez da neurririk jartzen osasuna eta bizitza gal ez ditzagun".