argia.eus
INPRIMATU
EAEko 25 udalerri, neurri zorrotzagoak jarrita ostiraletik aurrera
  • Herrietatik ez ateratzeko gomendioa, edo ostalaritzak 21:00etan ixtea dira Eusko Jaurlaritzak jarri dituen neurri berrietako batzuk. Ostiralean argitaratuko dira Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, beharrezko udalerrietan indarrean jartzeko. 

Jone Markuleta @JMarkuleta 2020ko urriaren 23a
PCR probak Azpeitian, alerta gorrian dagoen herrietako batean. Argazkia: @eitb.eus

Egoera epidemiologiko larriagoa duten 5.000 biztanletik gorako 25 udalerritan mugikortasuna mugatzea gomendatu du Eusko Jaurlaritzak, eta hainbat eremutan edukiera mugatzen duten beste neurri batzuk martxan jarriko dituela iragarri du. Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakitera eman duenez, ostiralean, bi agindu argitaratuko dituztela Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian, horietako bat "eremu gorrian" dauden 25 udalerriei dagokiena, 14 egunetan 100.000 biztanleko 500 kutsaduratik gora dituztelako, eta intzidentzia tasa altu horrekin neurri murriztaileagoak martxan jartzea beharrezkoa ikusten dutelako. EAEn joan den larunbatean Jaurlaritzak iragarritako neurrietatik haratago doaz alerta gorria duten herrietan ezarriko direnak. 

Udalerri hauei eragiten die neurri berri  horiek: Abadiño, Durango, Elorrio, Ermua, Lekeitio, Andoain, Astigarraga, Azkoitia, Azpeitia, Beasain, Deba, Eibar, Elgoibar, Hernani, Lazkao, Legazpi, Lezo, Oñati, Ordizia, Pasaia, Tolosa, Urnieta, Urretxu, Zumaia eta Zumarraga.

Taldekako jarduerak murriztea 

Gizarte topaketan mugatzea. Ezinbestekoak diren talde jarduerak bertan behera uztea, arlo familiar zein sozial. Beharrezko topaketetan, segurtasun neurriak mantendu eta ahal den einean kanpoaldeko espazioak erabiltzea. 

Mugikortasuna

Udalerrietan ez irtetea eta ez sartzea, salbu eta osasun zentro, beharrezko zerbitzu eta establezimenduetara joateko bada. Lan arrazoiengatik, ikasketengatik, ohiko bizilekura itzultzeagatik, mendekoen laguntza eta zaintzagatik edo ezinbesteko arrazoiengatik. 

Neurri orokorrak

Kirol jarduerei dagokienez, eten egingo dira establezimendu itxi zein irekietako edozein kirol. Bakarka bakarrik egin ahal izango da kirola. Haur parkeen publiko zein pribatuen edo terrazen erabilera debekatuko da 21:00etatik goizeko 08:00etara.Merkataritza-establezimenduek eta elikadura-establezimenduek, farmaziek eta erregaien zerbitzuguneek izan ezik, 21: 00etan itxi beharko dute. Gainera, ezingo da alkoholik saldu ordu horietatik aurrera. 

Taberna eta jatetxeak 

Taberna eta jatetxeek ere, ordu muga berdina errespetatu beharko dute. 21:00etarako itxi beharko dute eta ezingo dute alkoholik saldu itxitako ordutik aurrera. Debekatuta egongo da tabernetako barran kontsumitzea, eserita kontsumitu beharko da. 

Alerta gorri gabeko herrietan

EAEko gainerako herrietan, larunbatean indarrean jarritako neurriak jarraituko dute martxan. Besteak beste, aforua %50era jaistea, establezimendu itxietan, antzokietan edo kultur guneetan, tabernetan... Txokoak, elkarte gastronomikoak eta tabernak 00:00etarako itxita egotea. 

Auzitegi nazionalak ez du baimendu sei pertsona baino gehigoko elkartaratzeen aurkako neurria, beraz, gomendio gisa jasoko da.