Aurten 25. urte betetzen ditu HIK HASI egitasmo pedagogikoak, eta urteurrenarekin batera 25 ikastaro eskainiko dituzte uztailaren 5etik 7ra egingo diren Udako Topaketa Pedagogikoetan. Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean izango dira topaketak eta dagoeneko izena eman daiteke. Irakasleen zaintzari aitortza berezia egingo die egitasmoak topaketa hauetan.
Joan den urteko Udako Topaketa Pedagogikoak bertan behera geratu behar izan ziren osasun krisiaren ondorioz, bi hamarkadaren ostean. Aurtengoan, EHUren laguntzari esker egingo dituzte topaketak, Donostiako HEFA fakultatean. Uztailaren 5ean, 6an eta 7an izango dira 21. Udako Topaketa Pedagogikoak. Ekainaren 15era arte dago zabalik www.hikhasi.eus webgunean izena emateko epea.
Orotara 25 ikastaro antolatu dituzte. Horietatik ia erdiak ikastaro berriak izango dira eta askok osasun krisia izango dute ardatz edo zeharkako gai. Izan ere, pandemiak hezitzaileen eta haien lanean izugarrizko eragina izan baitu. Esaterako, Ibon de la Cruzek hezitzaileen estresari eta antsietateari buruzko ikastaroa emango du. Irakasleen zaintza erdigunean jarriko dute, eta horri buruzkoak izango dira zenbait ikastaro, esate baterako Miren Camisonek eskainiko duenak: Barnekotasuna hezkuntzan: norberaren zaintzak bestea zaintzea dakar. Naiara Gorroñok, aldiz, Meditazioa oinez naturan ikastaroa eskainiko du.
Askotariko gaitegia jorratuko dute. Gorputzari, irakasleenari zein ikasleenari buruzkoek lekua izango dute, eta baita puri-purian dauden beste gai batzuek ere: eskolako jolastokiei buruzko hausnarketak, jolasaren bidezko heziketa sortzailea, eta Pikler-Loczy lan ildoa, esate baterako.
Mikel Agirrezabala HIK HASI egitasmo pedagogikoko formazio arduradunak nabarmendu duenez, kontaktu bidezko ikastaroak saihestu badituzte ere gainerakoak ondo egokitu dira COVID-19aren prebentzio neurrietara. Topaketek euren esentzia, euren funtsa, hau da topaketa izaera hori izango dutela azaldu du Agirrezabalak. Izan ere, esan duenez, aurten inoiz baino gehiago behar eta merezi dute irakasleek beste ikastetxe, beste sare, beste herrialde eta errealitate batzuetako irakasleekin egon, hitz egin, entzun, elikatu eta partekatzea. Horregatik egin dute topaketen funtsari eusteko ahalegina.
Informazio zehatza eta izen-ematea HIK HASI-ren webgunean: www.hikhasi.eus