25 egun baino gutxiagoz egon da martxan hasieratik polemikoa izan zen portua. “Distrakzio neurria” izan dela salatu dute eragile ugarik.
Etorri zen bezala joan da AEBek Gazan eraikitako “portu humanitarioa”. Al Jazeerak jaso duenez, AEBetako militarrek bukatutzat eman dute ustez laguntza humanitarioa sartzeko eraikitako portua, apenas erabili gabe. Maiatza amaieran jarri zen martxan, baina ia laguntzarik sartu gabe oraindik konpontzeko kendu behar izan zuten, eta behin baino gehiagotan geldirik egon da ordutik.
AEBetako agintari militarrek esan dute portuak “bere helburua bete duela”. Gazan gosete izugarria dago Israelek eragindako suntsiketaren eta ezarritako blokeoaren ondorioz, eta biztanleen %96ak ditu elikagaiak lortzeko arazoak. %20a “muturreko gose hilgarria” jasaten ari da, NBEren ikerketek diotenez. Hala ere, portua erabiltzeko “behar gehiagorik ez” dagoela esan du Brad Cooper agintari militar estatubatuarrak.
Gazan laguntza humanitarioa banatzen duten elkarteek, Oxfamek, esaterako, salatu dute portua “distrakzio garestia besterik ez” dela izan, eta egoera hobetzeko AEBek Israeli presioa egin behar diotela, Gazara lurretik sartzeko bideak zabaldu ditzan, genozidioa eteteaz gain. Sionistek ia guztiz itxita mantentzen dituzte Gazara sartzeko bide guztiak, gosetea “berariaz” sortuz, hainbat iturriren arabera.
Ekaineko lehen egunetan armada sionistak operazio odoltsua burutu zuen Nuseirateko errefuxiatu kanpalekuan. Ia 300 palestinar hil zituzten, eta lau bahitu israeldar askatu. Operazio hartan AEBen portutik sartu ziren sionistak, laguntza humanitario kamioietan kamuflatuta. Bahitu ohiak ere bertatik ebakuatu zituzten, iturri batzuen arabera.
Joe Bidenek portua eraikitzeko asmoa azaldu zuenetik hainbat eragilek kezka agertu zuten, ea ez zen izango Gazaren okupazioan pauso bat gehiago. Gazako kostatik gertu dauden baliabide naturalak lapurtzeko arriskua aipatu zuten askok, eta baita operazio militarretarako erabiltzeko aukera ere.