Larrialdietan bukatu ohi duena ez da 20 kilometroko lasterketa egiteko prestatuta ez dagoelako; alderantziz, kirola egitera ohituta dauden 25-35 urteko gizonak dira gehiengoa, marka egin nahian topera joateagatik. Hala ziurtatu digu Donostiako ospitaleko mediku batek. Behobia-Donostiaren egunean larrialdietan sortzen den egoeraz, azterketa medikuen eztabaidaz, eguraldiaren garrantziaz… mintzatu zaigu.
Zein da Donostiako ospitaleko larrialdi zerbitzuetan Behobia-Donostiak duen eragina? “15 gradutik behera egiten badu, kasik ez du eraginik; 15-20 gradu arteko tenperatura badugu, zerbait antzematen dugu; eta 20 gradutik gora, kopuru handi batek bukatzen du gurean. Tenperaturaren eragina erabatekoa da”, ziurtatu digu egoera oso ongi ezagutzen duen (baina Osakidetzaren izenean hitz egin ezin duenez, izena eman nahi ez duen) Donostiako ospitaleko mediku batek. Batez ere, lasterketa egunak bi zerbitzuri eragiten die: larrialdiak eta Zainketa Intentsiboko Unitateak.
2011 urte txarra izan zela kontatu digu, alegia, korrikalari askok bukatu zutela larrialdietan, eta 2015a ikaragarri txarra izan zela. 27 graduko tenperatura egin zuen urte hartan. Orduan hasi ziren eguna antolatzen, lasterketa egunerako baliabide pertsonalak eta osasun zerbitzuak gehitzen, protokoloa fintzen… gerta daitekeenaren aurrean prest egoteko. Anbulantzia medikalizatuak, adibidez, ugariak dira, Gurutze Gorriarenak eta DYArenak tarteko.
"Poliklinikak gaitasun mugatua du eta batez ere kasu larrienak hartzeko zerbitzua oso mugatua da, beraz, asko Osakidetzara bideratzen dituzte"
Korrikalariek, dortsala erostean, aseguru medikua ere ordaintzen dute eta Poliklinikarekin hitzarmena du lasterketaren antolakuntzak, baina korrikalari askok ez du Poliklinikan bukatzen, osasun sistema publikoan (Donostiako ospitalean) baizik: “Poliklinikak gaitasun mugatua du eta batez ere kasu larrienak hartzeko zerbitzua oso mugatua da, beraz, Osakidetzara bideratzen dituzte”.
Berriki Juan Carlos Portugal kardiologoari irakurri dizkiogun adierazpenak ekarri ditugu eztabaidara: “Jendea ari da parte hartzen lasterketetan zeinetarako ez dauden nahikoa prestatuta; lasterketa hauei [20 kilometroren bueltakoei] errespetua galtzen ari zaio jendea”. Gure solaskidea, ordea, ez da iritzi berekoa, Donostian ikusi duen errealitatea lekuko: kirola egitera oso ohituta dauden eta 20 kilometroko lasterketa egiteko prestatuta dauden gizon gazteak dira larrialdietan gehien bukatzen dutenak, erlojuari eta markari begira korri egitearen eta gorputza azkeneraino tenkatzearen ondorioz bero kolpeak jota. “Bero kolpeak garunari eragiten dio eta ziplo erortzen dira. Pentsa, korrikalariak bi arazo izan ditzake: bero kolpea, eta hori da Behobia-Donostiatik eratorrita artatzen ditugun kasuen %90, eta bihotzari lotutakoa, kasuen %10 baino ez, nahiz eta azken kasu horiek deigarriagoak izan eta oihartzun mediatiko handiagoa berenganatu”.
"Korrikalariak bi arazo izan ditzake: bero kolpea, eta hori da Behobia-Donostiatik eratorrita artatzen ditugun kasuen %90, eta bihotzari lotutakoa, kasuen %10 baino ez"
Azterketa medikoak, bai ala ez?
Horregatik ere, kritikoa da azterketa medikoa beharrezkoa dela diotenekin. Frantziako Estatuko lasterketetan eskatzen da azterketa medikoa, baina gure solaskideak dio azterketak arazo kardiobaskularrak, bihotzekoak, detektatzeko balio duela eta ez kasuen gehiengo handia saihesteko (bero kolpeak). “Sarri, ordea, badakizu zer dagoen azterketa medikoen atzean? Negozio handia. Eta a zer kasualitatea, aipatu didazun kardiologo horrek azterketa kardiakoak gomendatzen ditu elkarrizketan”.
Jende gehiegi korrika?
25.000 korrikalari baino gehiago dituen lasterketa masifikatuan, datuak izugarriak dira, arlo guztietan. Osasun sistemara ekarrita, ehuneko kopuru txikia izan daiteke larrialdietan bukatuko duena, baina zenbaki absolutuetan oso kontuan hartzeko kopurua da, eta horregatik indartzen dituzte zerbitzuak. Orduan, Behobia-Donostiako parte-hartzea txikitzea komeniko litzateke? “Ez, lasterketa honek osasunari mesede gehiago egiten diolako, sortzen duen kaltea baino. Egin behar dena da korri egiteko modua eta kultura aldatu, topera eta erlojuari begira korri egin beharrean, erritmoa gorputzaldiaren, eguraldi eta tenperaturaren arabera egokitu, eta erretiratzen jakin. Lasterketa herrikoia da Behobia-Donostia, bada, benetan herrikoia izan behar luke”.