Espainiako Gobernuak aurten dagoeneko 17,3 milioi euro inbertitu du Nafarroako abiadura handiko trenaren azpiegituretan, kopuru oso txikia kontuan hartuta Nafarroako trenbide zatia egiteko gutxieneko gastu aurreikuspena 2.469 milioi eurokoa dela.
Asteazken honetan eman zuen datua Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako sailburu Bernardo Cirizak, Ahal Dugu taldearen eskariz. 2019an Espainiako Gobernuak 19 milioi euro gastatu zuen Nafarroako AHTko lanetan. Badira 30 urte proiektua abiaraziko zela iragarri zenetik, baina oraingoz 14 kilometro besterik ez dira egin Nafarroako trenbideak 243 kilometro dituenean.
Trena Zaragozatik dator Tuterara, ondoren Iruñera eta gero Gasteizera. 2.469 milioi izango lirateke, Euskal Y-aren konexioa Gasteiztik egingo balitz, aurreikusita dagoen moduan. Beste aukera da Ezkiotik egitea, Eusko Jaurlaritzak nahi izan duen gisan, baina horretarako Aralar azpitik joan beharko luke trenak, proiektua askoz garestiagoa eta koplexuagoa litzateke, eta gaurkoz badirudi baztertua dagoela.
Gainerako AHT obra guztiek bezala honek ere gainkostuak ditu eta horrek Nafarroako Gobernuaren aurrekontuei nola eragiten dien galdetu zioten Cirizari; sailburuaren esanetan, ez du eraginik, AHTaren finantzazioa Madrilgo Gobernuarena delako. Hala ere, ez da guztiz egia, kontuan izanda Nafarroak Espainiako Gobernuak egiten dituen gastu guztien %1,6 ordaintzen duela.
Estatuko arduradunek Nafarroako tren lasterraren korridorea egiteko konpromiso sendoa adierazi dute behin eta berriz, baina diru inbertsioek ez dute halakorik adierazten, eta dagoeneko inor ez da ausartzen epeez hitz egitera.