Lapurdin kokatutako enpresak murrizketak iragarri ditu krisi ekonomikoarekin lotuta. Kaleratze kolektiboak gauzatzeko izapideak hasi ditu dagoeneko.
Azpikontratazio aeronautikoan espezializatutako taldeak lan-indarraren ia heren bat murriztuko du, COVID-19aren osteko krisi ekonomikoan irabaziei eusteko. Lauak azpikontratistak 244 langile botako ditu taldearen lau lantokitan. Hazparne eta Aiherrako beharginek ordainduko dute preziorik altuena: 156 lagun kaleratuko dituzte.
Taldeak uztailaren 31n Enpresako Ekonomia eta Gizarte Batzordearen bilera batean langileen ordezkariei "kaleratze kolektiboaren prozedura" azaldu zien. Bilera horretan, hegazkingintzaren sektorearen “egoera ekonomiko kritikoa” azpimarratu zuten. Aire-trafikoaren murrizketaren ondorioz “zailtasunak areagotu” egin direla argudiatu zuen Lauakek, eta hegazkingintzako enpresek jada ez dutela piezarik eskatzen. “Egoera goibela” dela eta, Lauakek negozio-bolumenaren %40 galdu du, eta horren aurrean, “murrizketak egitera behartuta” dagoela dio.
Airbus da Lauak taldearen bezeroetan lehena, taldearen irabazien %60 hari saldutako piezetatik eskuratzen du. Ipar Euskal Herriko beste hainbat korporaziok antzeko egoera bizi du. Dassaultek, adibidez, Lapurdiko lantegi handiena du Miarritze eta Angelu artean; 900 langile aritzen dira bertan. Zuberoan, aldiz, Elkar ingeniaritza enpresa ere aeronautikan jarduten da.