argia.eus
INPRIMATU
2.400 euroko isuna jarri diete LABeko lau kideri Mozal Legea erabiliz, Urkulluren ekitaldi bat eteteagatik
  • Mozal Legea aplikatu die Eusko Jaurlaritzak LAB sindikatuko lau kideri, iazko irailean Iñigo Urkullu EAEko lehendakariaren ekitaldi bat eteteagatik. 2.400 euroko zigorra ezarri diete guztira.

ARGIA @argia 2018ko martxoaren 21

2017ko irailaren 27an LAB sindikatuko zenbait kidek Iñigo Urkulluren “Industria 4.0” programaren aurkezpena eten zuten Gasteizen. Ekintza horren bidez, LABek salatu zuen Urkullu aurkezten ari zen programa “propaganda hutsa” zela, Hego Euskal Herrian iazko data horretara arte lan istripuetan hildako 43 langileak gogora ekarriz, baita prekarietatearen beste zenbait eragin kaltegarri ere –lan gaixotasunak, besteak beste–.

Protesta ekintza burutu zutenean, Ertzaintzak sindikatuko lau kide identifikatu zituen eta ondoren istilurik gabe atera ziren aurkezpena egiten ari ziren Europa Jauregitik. 

Asteazken honetan Hala Bedik argitara eman duenez, identifikatuetako bakoitzak 600 euroko isuna jaso du –2.400 euro guztira–. Isun hori jartzeko, Mozal Legea aplikatu diete LABeko kideei.

Isunaren esplikazioak “gezur ikaragarri pila” dauzkala salatu dute kaltetuek, besteak beste, lehendakaria parte hartzen ari zen ekitaldian zeudenen segurtasunari eragin ziola protestak.

“Eusko Jaurlaritzak ezkutuan daukan errealitatea bistaratu nahi genuen”, azaldu diote Hala Bediri. “Nola hitz egin daiteke industriaren modernizazioaz astero langile bat baino gehiago hiltzen ari baldin bada?”. Enpresa handien negozioa kritikatu dute LABeko kideek, “langileen osasunarekin jolasten duten bitartean” egiten baita haien iritziz.

Duela sei hilabeteko protestan eskatu zutena –prekarietatearekin amaitzea– berretsi dute gainera, 2018an jada 16 langile hil direla gogora ekarriz.

Mozal Legearen aurkako konpromisoa bete gabe

EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko bozekin, 2016ko ekainean Eusko Legebiltzarrak adierazpen bat onartu zuen, Mozal Legea Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez zela aplikatuko esanez.

ARGIAk proposatu zuen neurria Eusko Legebiltzarrean, Axier Lopez kazetaria adierazpen askatasunaren aurkako lege horren erruz zigortu zuten lehen kazetaria izan baitzen.

Lasto sua izan da adierazpen hori ordea, Gasteizko kasu honek beste behin ere erakutsi duenez. PPren Gobernuak emandako lege-tresna zentsuratzailea 2015 indarrean jarri zenetik, Ertzaintzak maiz erabili du euskal herritarren kontra. Beheko infograman ikus daitekeen moduan, 2015eko apiriletik 2016ko martxora bitartean, batez beste 61 zigor jarri zituzten astean lege horretaz baliatuz.

Infograma: Garbiñe Ubeda Goikoetxea / ARGIA.