argia.eus
INPRIMATU
240 langiletik 100 kaleratzeko asmoa du Kayaba enpresak
  • Orkoiengo fabrikak 2013an hartutako konpromisoak ez dituela betetzen salatu dute sindikatuek. Asteazkenean Europako ordezkariekin bilera izanen dute. Hartzen den erabakiaren arabera mobilizazioak deituko dituzte. 

Euskalerria irratia @fm983irratia 2017ko maiatzaren 09a

"Lan taldea mantentzea eta produktu berriak egiteko konpromisoa" hartu zuen Kayaba Taldeak 2013an sindikatuekin negoziazio lanak egin ostean. Hala nabarmendu dute UGTko bi ordezkarik, CCOOko, CCPko eta LABeko bina ordezkarik eta ELAko ordezkari sindikal batek (hala osatuta dago Kayabako enpresa komitea osatua). Asteazkenean Europako ordezkariekin izanen dute bilera eta emaitzaren arabera sindikatuen ordezkariek iragarri dute mobilizazioak etor daitezkeela, baita greba mugagabea ere. 

2013an negoziazioa egin zuten. Urte hartan ordezkaritza zuten sindikatuek UGT, CCOO eta CCPk bonba hidraulikoaren produkzio kostea txikitzea adostu zuten, horretarako "zenbait lan baldintzatan sakrifizioak ezarrita, baita soldatetan ere". Horren trukean, Kayaba Taldeak bezero gehiago eskuratuko zituen eta lan zama handitzea lortuko zuen Orkoiengo plantak aurrera segi zezan. "Langileek bete dituzte euren egitekoak ez ordea enpresak", azaldu dute ordezkari sindikalek. 

Etorkizunerako plan bat egiteko eskatu diete ordezkari sindikalek enpresako buruei. Hori bai, enpresa komiteko kideekin negozazioa irekitzeko eskatu diote enpresari. Etorkizunean langileen baldintzak ez okertzeko eta planta ez isteko beharrezko negoziazioa dela diote sindikatuek. Kayabak planteatzen dituen 100 kaleratzeak onartezinak direla salatu dute, batez ere, kontuan hartuta Kayabako beste planta batzuetan langileak kontratatazen ari direla. 

Albiste hau Euskalerria Irratiak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra