argia.eus
INPRIMATU
24 urteko espetxe-zigorra bete ostean libre da Guillermo Merino durangarra
  • Merino 2001. urtean atxilotu zuten, eta dispertsioa jasan du, zigorraren zati handi bat Euskal Herritik kanpoko kartzelatan igaro baitzuen baldintza “zailetan”. Orain, askatasuna berreskuratu du.

Julene Flamarique 2024ko abenduaren 31
Etxerat

Guillermo Merino durangarra aske geratu da zigorra osorik bete ostean, Etxeratek ohar baten bidez jakinarazi duenez. Presoak 24 urte eman ditu espetxean, horietatik hogei Euskal Herritik urrun eta baldintza “zailetan”. Kartzelatik ateratzeko prozesua 2023ko otsailean hasi zen, espetxeko hirugarren gradua lortu zuenean. Urte bereko maiatzean baldintzapeko askatasuna eman zioten. Orain, erabat berreskuratu du askatasuna.

Merino 2001. urteko urtarrilean atxilotu zuen Espainiako Poliziak Basaurin, ETAren "Bizkaia komandoko" kide izatea leporatuta. Atxilotu zutenetik, urte luzeak eman zituen espetxean, nagusiki Picassenteko espetxean, Valentzian. Picassenten baldintzak “bereziki gogorrak” ziren. 2017an, esaterako, egunean 21 orduz egoten ziren presoak euren ziegetan. Gainera, kanpoko komunikazioak oso mugatuta zeuden: astean bost minutuko zortzi dei bakarrik egin zitzakeen eta posta bidez bi gutun jaso, Naizek azaldu duenez.

Hura bisitatzeko senide eta lagunek 1.200 kilometro inguru egin behar zituzten joan-etorrian, eta bisitek 40 minutu inguru baino ez zuten irauten. 2020an, Merino lehen aldiz eraman zuten gertuagoko kartzela batera, eta Picassentetik Zuerara (Zaragoza) pasatu zuten. Urtebete geroago, Euskal Herriko espetxe batera eraman zuten, Basaurikora hain zuzen ere, eta han bete du zigorraren azken etapa.