argia.eus
INPRIMATU
24 palestinar hil ditu Israelgo Armadak Gazan
  • 20 palestinar baino gehiago erail ditu Israelgo Armadak maiatzaren 11n, Gaza bonbardatuta. Ramadana hasi zen unetik istiluak areagotuz joan dira: maiatzaren 7tik 8rako gauean 200 lagun zauritu ditu Israelgo Poliziak Al-Aqsa meskitaren inguruan eta maiatzaren 10 goizean ere istiluak egon dira bertan.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko maiatzaren 11
Argazkia: @HoyPalestina

Ramadanean zehar egondako istiluak eta tentsioa areagotu egin dira azken egunotan. Al-Jazeera hedabideak jakinarazi duenez, Gaza bonbardatu du maiatzaren 11 goizean Israelgo armadak, eta hainbat eremuri eraso egin die bertatik misilak jaurti ondoren. 24 palestinar erail dituzte, bederatzi haur barne. Erasoa Hamasek Jerusalemera botatako misilei erantzuna izan da. 

Bezperan, maiatzaren 10 goizean ere istiluak egon dira: Israelgo Polizia Al-Aqsa meskitara sartu da eta bertan zeudenen kontra egin du. Ehunka zauritu eragin ditu. Gomazko pilotak, negar gasa eta soinu bonbak erabili dituzte batik bat. Palestinako Ilargi Gorriak adierazi duenez, gutxienez 215 lagun zauritu eta 153 ospitaleratu dituzte. Berriak jasotakoaren arabera, gertakariei Gazako Zerrendatik misilak jaurtita erantzun die Hamas erakunde islamikoak. Israelgo armadak zazpi misil identifikatu dituztela adierazi du.

Aurreko asteburuan, maiatzaren 7tik 8rako gaueko istiluetan 200 lagun inguru zauritu zituen Poliziak Al-Aqsa meskitaren inguruan eta astelehen goizean ere bertan izan dira istiluak. 

 

Murrizketen ondoriozko tentsioak

Badira aste batzuk musulmanen leku sakratuan tentsioak daudela, Israelgo agintariek ezarritako murrizketengatik, pandemia-egoera baliatuta, aldiz, murrizketa hauek ez dituzte juduen ospakizunetan aplikatu. Israel aitzindari izan da munduan populazioaren txertaketan, baina Palestinako lurralde okupatua immunizaziotik at utzi du.

Gatazka hori Sheikh Harrah auzokoarekin gurutzatzen da. Sheikh Harrah Jerusalem Ekialdeko auzo bat da, eta berrogeita hamar bat familia palestinar errefuxiatu bizi dira bertan, Haifa hiritik (gaur egun Israelen) bota zituztenean heldu ziren. 1967ko okupazio israeldarraren ondoren, Israelgo kolonoen erakundeek etxeen jabetza eskatu zuten eta orain Israelgo auzitegi batek arrazoia eman die.