argia.eus
INPRIMATU
24 orduz atxiloturik egon ostean, aske geratu dira atzo atxilotutako LABeko kideak
  • Asteartean Espainiako Poliziak LABeko sei ordezkari atxilotu zituen. Epailearen aurretik deklarazioak egitera pasa gabe atera dira kalera, epaileak ez baitu ikusi horretarako beharrik.

ARGIA @argia 2021eko apirilaren 21
Atxilotuetako bat aske geratu den unea (Argazkia: LAB Nafarroa)

Asteazken goizean utzi dituzte aske Espainiako Poliziak bezperan atxilotutako LABeko kideak. 24 ordu eman dituzte atxilotuta, eta epailearen aurretik pasa gabe atera dira kalera. Berez, Iruñeko 2. instrukzio epaitegiko magistratuaren aurrean deklaratu behar zuten, baina epaileak horretarako beharrik ez zegoela iritzirik, deklaraziorik hartu gabe utzi dituzte aske atxilotuak.

Orotara sei kide atxilotu zituen Espainiako Poliziak, nahiz eta tarte motzean utzi zuen aske horietako bat: Izaskun Juarez Iruñerria-Pirinioak eskualdeko LABeko idazkaria.

Atxilotuak izan diren sei kideak dira LABeko ordezkariak; garbiketa sektorekoak bi, eta sindikatuko federazio pribatuko ordezkariak besteak. Garbiketa sektoreko ordezkariei errepideko segurtasunaren aurkako delitua leporatu diete, Nafarroako garbiketa sektoreko protesten harira apirilaren 9an ISN enpresaren kamioi batera igo eta N-121 errepidea mozteagatik. Gainontzekoei, desordena publikoak eta mehatxuak egin izana leporatzen diete, Martxoaren 8kan CEN patronalaren egoitzan egindako protestagatik; egoitzari hauts gorria jaurti zioten.

LABek atxiloketen gibelean dauden ekintzetan ez du deliturik ikusten, baina Poliziak kontrako iritzia izango balu ere, sei pertsona horiek deklaratzera deitzearekin nahikoa zuela adierazi du, atxiloketak gauzatu beharrik gabe: "Ez zen beharrezkoa halako operatibo poliziala muntatzea". Sindikatuak bihar prentsaurrekoa egingo duela aurreratu du. Horrez gain, larunbatean “polizia gehiegikeriaren aurkako” mobilizazioa deitu dute Iruñean, 17:00etan, Baluarte Jauregitik abiatuko dena.