argia.eus
INPRIMATU
25 kazetari atxilotu eta ‘Özgür Gündem’ egunkari kurdua itxi ditu Turkiak
  • Recep Tayyip Erdogan presidentea buru duen gobernuaren errepresioak ez du etenik Turkian. “PKKren propaganda zabaltzea” egotzita Özgür Gündem egunkari kurdua itxi du abuztuaren 16an, ANF News-ek argitaratu duenez. Poliziak egunkariaren bulegoa zigilatu du bertan zeuden kazetariak atxilotu ondoren. “Ez dugu etsiko” titulupean argitaratu da gaur egunkaria, errepresioak errepresio.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko abuztuaren 17a

AKP alderdiaren komunikabideek zabaldu zuten Özgür Gündem ixteko agindua zegoela abuztuaren 16an. Zana Kaya egunkariko erredaktore buruak erabakia gaitzetsi zuen ohar batean: “Salbuespen egoeraren aurretik egunkariak hainbat eraso jasan ditu. Uztailaren 15eko estatu kolpeaz baliatuz [Turkiako] gobernua oposizioko komunikabide demokratikoen jazarpena egiten ari da. Özgür Gündem ixteko auzitegiaren erabakia eraso hauen adierazlea da. Amaieraraino defendatuko dugu jendearen informazio eskubidea”.

Kayak adierazpenok egin ostean Turkiako Poliziak sarekada egin zuen egunkariaren bulegoan eta bertan zeuden kazetariak zein babesa ematera bertaratutakoak atxilotu zituen, kolpeka. Bideo honetan dago ikusgai sekuentzia:

Atxilotuen artean zegoen Zana Kaya bera. Gainera, DIHA-ko kazetari Mesut Kaynar ere atxilotu zuen poliziak eta sarekada zuzenean ematen ari zen IMC telebistako kazetariari kamera kendu.

Sarekadak izan dira bulegoan ez zeuden kazetarien etxeetan ere eta poliziak bulegoa miatu du. Gainera, ordenagailuak eramateko agindua dute.

ÖGC Kazetarien Erakundeak gertatutakoa gaitzetsi du. Atxilotuak Poliziaren egoitzetan daude oraindik eta ostirala bitartean bertan izango direla aurreikusten da.