argia.eus
INPRIMATU
24 egun gose greban Estrasburgon autopista berri bat gelditzeko eskatuz
  • Azaroaren 14an, gose grebaren 24. eguna daramate batere jan gabe bost lagunek Estrasburgon (Alsazia, Frantzia), han agintariak oihan historiko bat suntsituz eraikitzen hasi berri diren autopista baten obrak gelditzeko eskatuz. Urriaren 22an hasi ziren hamarretatik bostek utzi egin behar izan dute protesta, medikuaren aginduz edo, astelehenean gertatu bezala, ondoezak jota.

ARGIA @argia 2018ko azaroaren 14a
Estrasburgoko bost gose grebalariak, beren ekintzaren ondorioak eraskusten. (Argazkia: France Bleu)

Astelehenean, 12, GCO autopistaren aurkako protestari Estrasburgon eusten zioten sei gose grebalariek dei egina zieten beren lagunei bezala hurbildu nahi zuten hedabideei, mezu bat pasatzeko. Prefetaren –Frantziako departamenduetan prefeta da agintari nagusia, Parisek zuzenean izendatutako ordezkaria– egoitzaren atarian biluzteko asmoa zuten denen aurrean. Baina azkenean sei izan ziren, argazkietan ageri den moduan, azaldu zirenak. Zergatik ez sei?

"Prefetaren egoitzatik metro gutxira –kontatu du Reporterre-k– gose grebalarietako bost denen aurrean biluztu ziren ez jateak beren gorputzetan dauzkan eraginak erakusteko. Bost eta ez sei? Pierre Rosensweig, 69 urte, bere kideekin elkartzera zihoan plaza oinez zeharkatuz. Denak zeuden grebalari oso argal eta biluztuei begira. Eta atzera erreparatu zutenean, kazetari, militante eta beste herritarrek orduan ikusi zuten falta zen seigarrena lurrera erorita zegoela, erabateko ahuleziak jota. Laster batean iritsi zitzaizkion laguntzera hesien atzetik ekintza kontrolatzen zuten polizia. Suhiltzaileek Hautepierre ospitalera eraman zuten. Erorikoan bizkarrean min hartu zuen, justu segundu batzuk lehenago bere ondoan zegoen militante batek".

Pierre Rosensweig, 69 urte, ondoezak jota erori zen astelehenean protestaren erdian. (Argazkia: Reporterre)

Astelehenera arte 22 egun ezer jan barik zeramaten grebalariek publikoan larru bixirik jartzea erabaki zuten zenbaitek sare sozialetatik zabaldutako zurrumurruei aurre egiteko. Zurrumurruok zioten protestalariak iluntzean etxera joaten zirela eta han jaten zutela. Frantziako poliziaren informazio zerbitzuek oso gertutik zaintzen dute gose greba eta protestaren egoitza jarrita daukaten eliza protestantean ere agertuak dira behin baino gehiagotan. Horrela dakite grebalarietako batzuek protestaz gain bizimodu normala egiten saiatzen direla; esaterako Christine Ludes jubilatuak iluntzero ama zaharra zaintzera joan beharra dauka. Zurrumurruen iturria agintarien artean dagoela uste dute askok, prefetaren idazkari nagusiaren izena ere aipatzeraino. Astelehenko ekintzan biluztutakoan, grebalariek larruazalean markatuta zeramaten baraualdiaren ondorioz galdutako pisua.

Agintariek aurrera jarraitzen dute –herri herri obrek pizten dituzten protestak zanpatuz– Estrasburgoko 24 kilometroko saihesbide pribatu berria eraikitzeko lanekin. Eta bitarte horretan, urriaren 22an baraualdiari ekin zioten hamarretatik bostek utzi behar izan dute. Hiruk, greba luzatzen zela ikusita, beren lanbideak hala eskatuta; Jean-Jacques Pion (79 urte) medikuak aginduta, eta  Pierre Rosensweig (69) astelehenean ondoezak jota ospitalera eramanik. Baraualdiari eusten dioten bostek eskatzen dute –ARGIAk jadanik azaldu duenez– Estrasburgo inguratuko duen GCO autopista-saihesbidearen obrak geratu eta gaia berriro aztertzea.

24 kilometroko autopista, pagatuzkoa izango dena, 1970eko hamarkadan proiektatu zuten eta promotoreek haren beharra argudiatzen dute Estrasburgoko trafikoa mendebaldetik arinduko duela. Kontrakoek, aldiz, auto eta kamioien trafikoa are gehiago sustatuz proiektu honek beste askok bezala klimaren aldaketaren kontrako edozein estrategia eragozten duela. Promotorea Vinci multinazionala da, Frantziako autopista gehienen kudeatzailea eta beste herri-lan askoren kontratatzaile nagusienetakoa. GCO autopistak 350 hektarea baso, soro eta zelai suntsitu eta artifizialduko ditu.

Asteartean, 13, Europako Legebiltzarrean izan dira gose grebalariak zenbait europarlamentarik gonbidatuta.