argia.eus
INPRIMATU
230.000 migratzaile iritsi dira Kanarietara azken 30 urteetan, eta beste milaka hil dira itsasoan
  • Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundearen arabera, iaz 6.007 pertsona hil ziren Kanarietako Bidean itota. 2023an 39.910 migratzaile iritsi dira Kanariar Uharteetara. Espainiako Estatuko presidente Pedro Sánchez hurrengo egunetan Gambia, Senegal eta Mauritaniako buruekin bilduko da.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko abuztuaren 28a

30 urte bete dira Fuerteventuran (Kanariar Uharteak) migratzaileen txalupa bat iritsi zutenetik. 1994ko abuztuaren 28an izan zen, bi gazte saharar iritsi ziren, eta une hartatik gaur egunera migratzaileen harreran ez dela "asko aurreratu" adierazi du Kanariar Uharteetako Gurutze Gorriko presidente ohi Gerardo Mesak, Efe agentziarekin izandako elkarrizketa batean.

“Lehen, bigarren edo bosgarren urtean izan zitekeen, baina aspaldi dakigu zer gertatuko den, eta baliabideak izan beharko genituzke horiek legez artatzeko, eta nazioarteko konpromisoak eta arauak betetzeko”, adierazi du Mesak. Gurutze Gorriko presidente ohiak bi migratzaile sahararrekin hitz egin zuen, eta gazteek “lurralde okupatuetan Marokorengandik jasaten zituzten presioak” kontatu zizkioten, Tiempo de Canarias komunikabideak jaso duenez.

Lehorreratze hartatik 230.000 pertsona inguru iritsi dira Kanarietako Bidearen bitartez, munduko arriskutsuenetariko eta hilgarrienetariko bat. Izan ere, 2021. urtean Migrazioetarako Nazioarteko Erakundearen arabera, munduan zenbatutako bost hildako edo desagertuetatik bat Ozeano Atlantikoan hil zen uharteetara bidean, Públicok jaso zuenez. 1994tik iritsitako migratzaileen erdia baino gehiago (123.483) 2020tik aurrera iritsi dira, Espainiako Estatuko Barne Ministerioak jasotako datuek diotenez. Kopuru handiena iaz jaso zen, 39.910 migratzaile iritsi baitziren Kanarietara, eta 2006. urteko datuak gainditu zituen. 2006an espainiar komunikabideek “kaiukoen krisia” izen eman zioten migratzaileen gorakadari, uharteetara 31.678 migratzaileen etorrera zenbatu zutenean.

Kaiukoak, 2005ean migrazio modu berria

2005eko abuztuaren hasieran, larrialde-zerbitzuak txalupa bat artatu zuen Agaetetik (Las Palmas Kanaria Handikoa) gertu, baina ohiko paterak baino luzeagoa zen, Onda Fuerteventura irratiak informatu duenez. “Kaiuko” hitza erabiltzen hasi ziren Mauritanian eta Senegalen arrantzarako darabiltzaten txalupak izendatzeko, 100 edo 200 pertsona 1.300 kilometroko distantziara garraiatzeko gai diren ontziak, EITBk jaso duenez. 2005. eta 2006. urteetako migrazio datuekin alderatuta, 2006an 26.963 migratzaile gehiago iritsi ziren Kanariar Uharteetara.

Hazkunde horren ondorioz, Europar Batasunak milioika euro inbertitu zituen migrazioa geldiarazteko, eta ia hamarkada batean zifrak asko jaitsi ziren. 2010etik 2019ra Kanarietara guztira 7.167 migratzaile iritsi ziren. 2020tik aurrera, bai Gibraltarko itsasarteko migratzaileen fluxuak Kanariar Uharteetara itzuli zirelako, eta bai Covid-19a dela eta, zifrak handitu egin ziren, aipaturiko kanariar irratiak jaso duenez.

2023an, batez beste 18 heriotza eguneko Espainiako Estatuko muga zeharkatzeko saiakeran

Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak jasotako datuen arabera 2023an Espainiako Estatura sartzeko itsasoko migrazio bideetan izandako 6.618 heriotzetatik, 6.007 Kanarietako Bidean izan ziren. Bide guztiak kontuan hartuta, batez beste hamazortzi heriotza inguru izan ziren eguneko, eta Kanarietako Bidea kontuan hartuta, hamasei hildako inguru eguneko. Heriotza daturik altuenak urrian zenbatu zituzten.

Gobernuz kanpoko erakundeak adierazi zuen estatu urrunenetatik izandako ibilbideak ugaritu egin direla, hala nola Mauritania, Senegal edo Gambiatik. Hurrengo egunetan Espainiako Estatuko presidente Pedro Sánchez hiru estatu horietako buruekin bilduko da, “migrazio-fenomenoa modu gizatiar, seguru eta ordenatuan kudeatzea ahalbidetuko duten formulak bultzatzeko", Espainiako Gobernuak adierazi duenez.

Erreskateko patruila-ontziek "ustekabean harrapatzen zituzten, ihes egin ez ziezaieten"

Asteburuan Guardia Zibilaren ontzi batek Melillako kosta parean zegoen lau migratzaileren ontzia harrapatu du. Sare sozialetan eta komunikabideetan zabaldutako bideoetan ikusten da nola migratzaileetako bat uretara erortzen den, Guardia Zibilaren ontzia migratzaileen ontziaren gainetik pasa ondoren.

 

Kanariar Uharteetako Gurutze Gorriko presidente ohiak hitz egin du migrazioa Kanarietan fenomeno berria zenean erreskate-patruilek zuten jarrerari buruz: “Ustekabean harrapatzen zituzten, ihes egin ez zezaten, droga-trafikatzaileak balira bezala; argiak itzalita iristen ziren, eta gertu zeudenean, piztu egiten zituzten, ustekabean harrapatzeko. Haiek aztoratu egiten ziren. Egun luzetan nabigatzen ibili ondoren, itsasora erortzen ziren".