Bizkaiko Foru Aldundiko langileak egonkortzeko bi prozesu eten ditu EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak. Epaiak ez dira irmoak.
Bizkaiko Foru Aldundiak adierazi du epaien aurkako apelazio helegiteak jarriko dituela langileak egonkortzeko 227 lanpostu kolokan jartzeagatik hizkuntza eskakizunengatik. EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren menpeko administrazioarekiko auzien epaitegiak hartutako epaiak oraindik ez dira irmoak, baina aldundiak “erabateko desadostasuna” adierazi du: “Uste dugu ez dutela behar bezala interpretatu funtzio publikoaren arloan eta hizkuntzaren arloan gai horri dagokionez aplikatu behar den araudia”.
Egonkortze prozesuen oinarrietan euskara B2 eta C1 ezagutza mailak eskatzen dizkiete lanpostua egonkortu nahi duten gehienei, eta lanpostu batzuetan meritutzat jotzen dute euskara jakitea. Esate baterako, 77 administrari lanpostuetatik, 71ri ezarri diete euskara eskakizuna, epaia jarri dutenen arabera, legez Bizkaiari dagokion baino derrigortasun indize handiagoa da hori.
Aldundiak azaldu du denek dutela hautaketa prozesuan parte hartzeko aukera: “Argi dago, bi hizkuntza ofizial dituen lurralde batean, bi hizkuntza ofizialak erabiltzeko gai direnek hizkuntza bakarra erabiltzeko gai direnek baino merezimendu eta gaitasun handiagoa dutela”.
Beste epaiak 150 lanpostu egonkortzeko prozesu bat bertan behar utz dezake. Epaian diote, euskara eskatzeak soilik gaztelania dakiten langileak “diskriminatzen” dituela eta Bizkaiko Foru Aldundian euskarazko arreta “bermatuta” dagoela.
Zenbait sindikatu ere kritika egin diete epaiei, eta ELA sindikatuak salatu du euskara jakitea “faktore diskriminatzaile” moduan hartzen dela: “Beste edozein ezagutzarekin ez da gertatzen”. Duela gutxi onartutako Euskararen Dekretua ere kritikatu du ez duelako aldaketarik ekarriko: “Euskaldunen hizkuntza eskubideak zapalduak izango dira aurreratzean ere”.
199 lanpostu kolokan, Gipuzkoan
Ez dira euskararen aurkako oldarraldi judizialaren adibide bakarra; duela bi aste LAB sindikatuak kontatu zuen Gipuzkoako Foru Aldundian langileak egonkortzeko prozesuan dauden 199 administrarien izendapena kolokan dagoela. Euskaraz B2 eta C1 maila egiaztatzeko eskatu zieten lanpostua eskuratzeko, baina helegite baten ondorioz, ez dago argi maila egiaztatzen duten langileek lanpostua lortuko duten. ELAk eta LABek deituta helegitearen aurka protesta egin zuten langile askok, otsailaren 16an.