argia.eus
INPRIMATU
22.517 langabe gehiago utzi ditu 2020ak Hego Euskal Herrian
  • Guztira 169.877 lagun dira langabezian daudenak Hego Euskal Herrian, 2020a bukatzearekin batera. Horietatik 22.517 pertsonek pandemiaren urtean galdu dute enplegua. Iaz egin ziren kontratuen %92,2 aldi baterakoak izan direla nabarmendu dute sindikatuek.

ARGIA @argia 2021eko urtarrilaren 05a

Herrialdeka, Arabak 21.727 langaberekin bukatu du urtea, Bizkaiak 73.080 langaberekin, Gipuzkoak 34.433rekin eta Nafarroak 40.637rekin.

ELA sindikatuak salatu du 2020an langabeziara joan den bost lagunetik bat 25 urtetik beherakoa dela, eta beraz gazteak izan direla kaltetuenak, baita emakumeak ere. Zerbitzu sektorean izan du bereziki eragina langabeziak. “Aurretik agerikoa zen krisi ekonomiko eta soziala areagotu egin du pandemiak”, salatu du ELAk.

Kontratuen kalitatea ere azpimarratu nahi izan du sindikatuak: 2020an aurreko urtean baino %28,3 kontratu gutxiago sinatu dira, eta gehien-gehienak, %92,2, aldi baterako kontratuak izan dira.

Ildo berean, LABek dio urte bukaerak utzi duen kopurua dirudiena baino ilunagoa dela, eta kritikatu du enpresarioek gazteak eta kolektibo zaurgarrienak erabiltzen dituztela “lan prekario eta gaizki ordainduetarako erreserbako armada gisa”. Garai zailenetan, beraiek dira kaltetuenak.