argia.eus
INPRIMATU
20.348 sinadura aurkeztu ditu Kontseiluak hezkuntzan euskarazko eredu orokortuaren alde
  • Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztu ditu sinadurak Euskalgintzaren Kontseiluak. Sinatzaileen artean dira ere Euskal Herriko Ikastolen Elkartea, EHIGE, HEIZE eta Hik Hasi hezkuntza-eragileak, STEILAS, LAB eta ELA sindikatuak eta hainbat guraso, langile, ikasle eta irakasle.

Mattin Azpiroz Pagola 2023ko azaroaren 21a

Hezkuntza Lege berriak euskarazko ikaseredua orokortu dezala eskatu die Kontseiluak Gasteizko legebiltzarkideei. Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabelek luzatu du proposamena legebiltzarrean bertan, hainbat herritarren babesarekin. Eskisabelek adierazi du sinadura kopurua proposamenak duen “babes zabalaren” froga dela.

Inklusibitatea, erdigunean

Hezkuntza Lege berriak "hizkuntza segregazioa eragiten duten eredu zaharkituak” gainditu eta “euskara ardatz duen eredu inklusiboa” inplementatu behar duela defendatu du Eskisabelek: “Euskara, berezko hizkuntza, hezkuntza sisteman irakats hizkuntza normalizatua izango da, eta jardueretan erabilera normal eta orokorreko hizkuntza izango da; are gehiago, hizkuntza eredu orokor eta inklusiboa izango da eta ez ditu ikasleak banatuko hizkuntza ofizialen arteko aukeraketaren arabera”.

Nabarmendu du proposamenaren babesleei “kezka larria” piztu dietela “egun indarrean diren hizkuntza ereduak legearen hitzaurrean berariaz jaso eta hiru hizkuntzen izaera bideratzailea ezartzeko zuzenketek”. Eskisabelen hitzetan, eredu horrek “euskararen ezagutza nahikoa” lortzea ukatzen du, eta “oztopo handia” da euskararen ezagutza unibersalizatzeko.

“Finean, Hezkuntza Legea ikasle guztiak euskaraz jabetzeko duten eskubidearen berme izan dadila, eta justizia sozialaren eta gizarte kohesioaren alde eginez, eman diezaiela euskara gehiago gutxien dutenei”, aldarrikatu du.

Euskal Herrian Euskarazen manifestazioa

EHEko kideak Legebiltzarraren kanpoaldean bildu dira goizean, barnean eztabaidatzen ari diren Hezkuntza Legea onartzen ez dutela esateko: “Hezkuntza euskalduna behingoz!”