Martxoaren 20an ekitaldi bateratua antolatu zuten Bilbon Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimenak eta Sarek. Umeek haien guraso presoekin Euskal Herrian egoteko aukera izan dezaten aldarrikatu dute.
‘Haur motxiladunen’ bizipenen bidez azaleratu zuten gurasoak preso dituzten haurren bizimodua. Porrotx pailazoak Onditzen kasua kontatu zuen. Haurra duela 22 urte jaio zen Dueñasko kartzelan (Palentzia) eta Onditz Euskal Irrira ekimena abiatu zuten orduan. Ama eta umea Martuteneko kartzelara ekartzea lortu zuten.
Eztitzen Artola ‘haur motxiladuna’ izandakoak Iratiren kasua kontatu zuen. Martxoan 8an atera zen Aranjuezeko (Madril) kartzelatik 3 urteak bete baitzituen. Haren gurasoak El Duesora (Kantrabria) leku aldatuko dituztela jakinarazi dute. Hala ere, Sarek eta Irati Gurasoekin Euskal Herrira ekimenak salatu dute umeak haren gurasoak hilean behin baino ez dituela ikusiko. Bestalde, pandemiak bereziki eragin zion Irati haurrari. Espetxean zegoela Euskal Herrira etorri zen mediku azterketak egitera eta itxialdiaren ondorioz ama dagoen kartzelara ezin itzuli gelditu zen.
Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak Bilboko ekitaldian adierazi zuen Irati 80 ‘haur motxiladunetako’ bat baino ez dela. 2022ko urtarrilaren 3an, 3 urte beteko dituelako gurasoengandik bananduko duten Izadi haurra ekarri zuen gogora bozeramaileak
Ekitaldian hiru aldarrikapen azpimarratu zituzten. Batetik, euskal presoak Euskal Herrira ekartzea umeek kilometroak egin behar ez ditzaten. Bigarrenik, gurasoak eta haurrak biltzeko moduluak prestatzea Euskal Herrian. Hirugarrenik, presoen gradu progresioa abiatzea, baimenak eduki eta haien umeekin bizitzeko aukera izan dezaten.
Antzeko ekitaldiak antolatu ziren ‘haur motxiladunak’ dauden hainbat herritan.
Bilboko ekitaldiaren bideoa: