argia.eus
INPRIMATU
22 kilo plastiko zeuzkan sabelean Sardinian hilda agertu den kaxalote honek
  • Joan den asteburuan SEAME Sardinia erakundeak jakitera eman duenez, martxoaren 28an hilda agertu zen zetazeoaren autopsiak frogatu du plastiko kopuru handia zeukala sabelean.

ARGIA @argia 2019ko apirilaren 03a
Hildako kaxalotearen irudi hau zabaldu dute Italiako suhiltzaileek.

Arcipielado di La Maddalena parke nazionaleko kostaldean agertu zen hilda kaxalotea. Albaitariek baieztatu ahal izan zutenez, zetazeoa emea zen eta haurdun zegoen. Baina sabelean beste zerbait ere bazeukan: 22 kilo hondakin, nagusiki plastikoak.

Adituek ezin izan dute zehaztu animalia zergatik hil den, baina aukeretako bat da normaltasunez elikatzeko zailtasunak izan zituela, desegiten ez diren hondakinak sabelean metatuta edukitzeagatik.

Cinzia Centelegghe biologoak La Stampa egunkariari azaldu dionez, lehenbiziko aldia da Italiako uretan hainbeste plastikozko hondakin sabelean dituen zetazeo bat aurkitzen dutena.

Iazko abenduan, Napolitik gertu, beste kaxalote bat ere hilda agertu zen eta kasu hartan ere plastikozko hondakinak aurkitu zituzten haren sabelean, baina aldi hartan heriotzaren kausa beste bat izan zela adierazi zuten adituek.

Italiako Ingurumen ministroak publikoki gaitzetsi du kaxalotearen heriotza eta esan du gobernuak laster lege berri bat proposatuko duela plastikoak erabiltzea mugatzeko.

Euronewsek jaso ditu adierazpen horiek eta nabarmendu duenez, neurri berrien artean arrantzaleei baimena emango zaie itsasoko plastikoak berreskuratzeko eta lehorrera eramateko, han birziklatu daitezen –gaur egun debekatuta daukate hori egitea–.