Baionako Estitxu Robles kolegioko 22 ikasle eta lau irakasle asteartean abiatu dira Bordeletik Baionara: 200 kilometro bizikletaz, larunbatean Lapurdiko hiriburuan egingo den manifestaziora iristea helburu. Azterketak euskaraz mugimenduaren borroka luzeak lortu du Brebeta zientzietako proba euskaraz egitea, orain Baxoa euskaraz egin ahal izatea lortzea dute helburu.
Bizikletak eta lo-zakuak harturik, bost eguneko martxa abiatu dute asteartean ikasleek: egunean 40 kilometro inguru egitea da asmoa, Roscoffetik Hendaiara dagoen bidegorrian barna. Azken lau kilometroak ahalik eta jende gehienarekin egin nahiko lituzkete: deia egin diete euskaltzale guztiei, Bokaleko Semard plazan 16:30ean beren bizikletekin batu daitezen, helburua baita Baionan 17:00etan deituta dagoen manifestaziora “arribatze masiboa” egitea. Hala kontatu dute Kazeta.eus-en.
Euskalgintzaren “egoera larria”
Larunbateko manifestazioa Euskal Konfederazioak deitu du, azterketak euskaraz egiteko eskubidearen alde. Hiriburuko suprefeturatik abiatuko da mobilizazioa eta euskalgintzari bultzada emateko manifestazio erraldoia egitea dute xede. Frantziako Gobernuak azterketak euskaraz egin ahal izatea debekatzen duela, euskarazko irakaskuntzari mugak eta trabak ezartzen dizkiola eta euskara legalki ez duela babesten salatuko dute larunbatean. Deitzaileek gaineratu dute tokiko administrazioek ere “ez dutela nahikoa egiten euskararen egoera aldatzeko”. Ipar Euskal Herrian euskalgintzak oro har bizi duen “egoera larria” mahai gainean jarri nahi dute mobilizazioan.