argia.eus
INPRIMATU
22 ehiza dorre eta postu suntsitu ditu Animalien Askapen Fronteak
  • Ehizarako hamabost dorre eta zazpi posturi eraso egin diete Jaizkibel, Jarindo, Kastañarri, Gorbeia, Arrikurutz eta Kintoa mendietan. Euskal Herriko Animalien Askapen Fronteak hartu ditu bere gain animalien "egoera tamalgarria" eta "ehiztarien sarraskiak" salatzeko.

Axier Lopez @axierL 2021eko irailaren 03a

"Ez gara pasiboki beste alde batera begira geratuko beste espezieetako izaki sentikorrak esplotatzen, zapaltzen edota hiltzen diren bitartean", adierazi dute komunikatu batean Euskal Herriko Animalien Askapen Fronteko kideek abuztuaren 31 eta irailaren 1 arteko gauean ehiza dorre eta postuei egindako erasoen inguruan.  Ehiztariek "egiten dituzten sarraskiak" oztopatzeko egin dituzte ekintza zuzenak. "Ehiza lizentziak gora doaz baina ehiza dorreak behera".

Gizakien eta gizakiz bertzeko animalien gaineko biolentzia, dominazioa eta hilketa egunerokotasunean iraun bitartean "zilegia eta beharrezkoa" ikusten dugu zapalkuntza horiek eragiten, sustatzen eta erreproduzitzen dituzten "enpresak, instituzioak edota egiturei" eraso egitea.

Animalien Askapen Fronteak munduko hainbat herrialdetan aritzen den erakunde klandestinoa da, lider edo aurpegi ezagunik gabekoa, animalien eskubideen alde ekintza zuzenak egiten dituena. Azken egunetakoak ez dira Fronteak Euskal Herrian bere gain hartutako ekintza bakarrak. Adibidez, 2018ko abenduan ere hainbat ehiza postu kaltetu zuten eta urte bereko maiatza eta ekainean Iruñeko entzierroko ibilbidean porlana bota zuten hesiak jartzeko zuloetan eta Gaseko ukuiluan sutea piztu zuten, zezenketen aurka egiteko