argia.eus
INPRIMATU
21.000 haur falta dira Gazan, Save the Children GKEaren arabera
  • Marka gabeko hilobietan lurperatuta, hondakinen artean harrapatuta edo Israelek atxilotuta daude milaka ume. 17.000 haur umezurtz gelditu dira sionisten erasoen ondorioz.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko ekainaren 26a
Argazkia: Abed Zagout/Anadolu Agency

Astelehenean argitaratu du Save the Children Gobernuz Kanpoko Erakundeak Gazako haurren egoerari buruzko txostena, eta bertan ohartarazi du 21.000 ume inguru hil edo desagerrarazi dituela Israelen genozidioak. Azaldu dute “ia ezinezkoa” dela informazioa jaso eta egiaztatzea Gazako egungo baldintzetan. Ikerketa independente bat egiteko eskatu dute, eta ardurak banatu daitezela erantzuleen artean.

14.000 haur baino gehiago hil dituzte sionisten oldarraldiek azken zortzi hilabeteetan. 17.000 umezurtz gelditu dira, eta gutxienez 4.000 haur daude galduta, etxeen hondakinen azpian harrapatuta. “Hobi komunetan lurperatuta dauden umeen kopurua ez dugu ezagutzen”, dio GKEak.

Philippe Lazzarini UNRWAko mandatari nagusiak ohartarazi du “larri traumatizatutako 625.000 haur” bizi direla hondakin artean Gazan. Elikagai eta ur faltagatik hiltzen ari direla adierazi du, “janaria kamioietan zain dagoen bitartean”, Gazara sartu ezinda. “Katastrofe mailako gosea” dagoela salatu du Lazzarinik.

Save the Children erakundeko Ekialde Hurbileko arduradunak, Jeremy Stoner-ek, adierazi du “familiak torturatzen ari direla beren senideen inguruko berririk izan gabe. Gurasoek ez lukete hondakinak miatzen aritu behar beren haurren gorpuen bila”.

Osasun hornikuntza sartu ezinda

Mugarik Gabeko Medikuak GKEak salatu du apirila amaieratik ezin izan dutela osasun hornikuntzarik sartu Gazan, ez sendagairik ez bestelako beharrezko elementurik ere. Maiatza hasieran Rafahko igarobidea sionistek hartu zutenetik laguntza humanitarioa oztopatu dute. “Okupatzaile israeldarrek ezarritako burokrazia amaiezina” salatu du Mugarik Gabeko Medikuak erakundeak.

Gazako osasun zentro gehienak erabat suntsituta daude, martxan dauden gutxiak oso kaltetuta eta jarduna zeharo murriztuta, Gazako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Zaurituen artean heriotza tasa “izugarria” dagoela ohartarazi dute Gazako mediku ugarik, hornidura faltak “ezinezkoa” bihurtu duelako gaixoak artatzea.