argia.eus
INPRIMATU
21 urteko fisioterapeuta bat atxilotu dute Bilbon, emakume bati sexu erasoa egitea leporatuta
  • Atxilotuak astelehen goizean, ekainaren 17an, egin zuen sexu erasoa, pazientea belauneko lesio batetik artatzen ari zela, emakumeak salatu duenez. Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten eta aske utzi zuten, Bilboko Guardiako Epaitegiaren esku geratu ondoren.

Julen Ugartemendia Carcedo 2024ko ekainaren 18a
Bilbon sexu erasoen aurka egindako manifestazioa. Argazkia: Ecuador Etxea

Emakume batek sexu eraso bat salatu du Bilbon, eta 21 urteko gizon bat atxilotu dute. Segurtasun Sailak adierazi duenez, fisioterapeuta emakume bat belauneko lesio batetik artatzen ari zen 11:00ak aldera, eta orduan egin zion erasoa. Ertzaintza fisioterapia zentrora bertaratu zen gertatutakoari buruzko informazioa jasotzeko, eta gizona atxilotu zuten, sexu eraso delitua egitea egotzita.

Emakumeak Ertzaintzan salaketa jarri zuen, mediku-laguntza jaso ondoren. Atxilotua ertzain-etxera eraman zuten eta arratsaldea bertan pasa ondoren eta Bilboko Guardiako Epaitegiaren esku geratu ondoren, auzitegiak aske utzi zuen. Kautelazko neurririk aplikatu dioten ez dute jakinarazi. Urte hasieran gizon bat atxilotu zuten Tolosan, osteopatia kontsultategi batean sexu erasoak egitea leporatuta. Hasiera batean bi salaketa izan baziren ere, martxoaren erdialderako 10 salaketa jarri zituzten, Noticias de Gipuzkoak adierazi zuenez.