Merkataritzaren Munduko Erakundea eta Elikadura Burujabetza kontzeptu antagonikoak dira. Lehenbizikoaren helburua da urratsez urrats mundu osoan merkatu “libre” bat eraikitzea, baita nekazaritzan ere, ekoizpena oztoporik gabe eramateko munduko leku batetik bestera, produkzio-kostu txikienak dituen tokian kokatuz. Horren ondorioz, munduko eskualde bakoitza espezializatu egiten da bere testuinguruan merkeena den ekoizpena egiten. Lehiaketa horretan, ikuspegi sozialak, lokalak, ekonomikoak eta ingurumenarekikoak ez dute baliorik.
Borroka horretan, aurrez aurre daude makina handiak erabilita 1.500 tona ekoizten dituen Europa edo AEBetako zereal ekoizlea, eta bi tonara iristen den Afrikakoa. Borroka horretan, laguntzetan milioiak jasotzen dituen herrialde aberatsetako laborantza dago batetik, eta inongo laguntzarik ez duen herrialde pobreetakoa bestetik. Borroka horrek berak buruz buru jartzen ditu lurra traktoreekin lantzen duten 28 milioi baserritarrak, eta lan hori abereak erabilita egiten duten 250 milioiak. Lehia horren alde batean daude Europako NBPren laguntzen %20 jasotzen duen ekoizleen %80, eta beste aldean %80 jasotzen duen %20 (Hego Euskal Herrian %10ek hartzen ditu zuzeneko laguntzen %60). Euskal Herrian oso esanguratsuak diren ekoizpen batzuetan, behi esnearenean esaterako, parez pare daude urtean 250.000 litro ekoizten dituztenak, eta epe berean milioi bat litrora iristen direnak.
MMEk apustu argia egiten du ekoizpen industrial eta intentsiboaren alde, esportaziora bideratutako sektoreetan espezializatuta. Eta hala ere, azpimarratzekoa da tokian tokiko merkatuak hornitzen dituzten nekazariek munduko herritarren %70 elikatzen dituztela, eta janari hori guztia ekoizten dutela baliabideen %25 baino gutxiago erabilita (ura, lurra, erregaia…). Nezakaritza ekoizpena ezin daiteke izan munduko merkatuen fluktuazio eta menpekotasunen araberakoa; merkatua da ekoizpena errespetatu behar duena. Nekazaritza elikadura da, eta elikadura negoziaezinezko eskubidea da hemen eta munduko herri guztietan.
Elikadura burujabetza aldarrikatzen dugu, beren elikadura sistema definitzeko eta erdigunean elikagai ekoizleak jartzeko herri guztiek duten eskubide gisa.
Helburu horrekin borrokan jarraituko dugu EHNE-Bizkaian eta La Via Campesinan. Antolatu egingo gara, eutsi egingo diogu, eta mundu osoan elkartasunezko ekimenetan izango gara, gure kideen parte hartzeaz eta gure aliatuen laguntzaz, gobernuei exijituz MME errefusatu eta nekazaritza beste era batera antola dezatela.