argia.eus
INPRIMATU
21 urte Aznarrek Egin egunkaria itxi zuenetik
  • Astelehen honetan 21 urte betetzen dira Aznarrek Egin egunkaria indarrez itxi zuenetik. 1998ko uztailaren 15eko goizean Baltasar Garzón epaileak Egin egunkaria eta irratia ixtea agindu zuen, eta zuzendaritzako zein administrazio-kontseiluko hainbat kide atxilotu zituzten.

ARGIA @argia 2019ko uztailaren 15
Egin egunkariaren itxiera.

Eguzkia atera aurretik, Baltasar Garzónek Espainiako 200 polizia bidali zituen Egin egunkaria eta irratia ixtera. Goizeko lauretan telefono hotsak esnatu zuen Jabier Salutregi, orduko Egineko zuzendaria. Oporretara zihoan eguna zen hura, baina “dena ETA da” doktrinapean hedabidea itxi eta Salutregi, beste kide batzuekin batera, atxilotu zuten.

“Pertsiana operazioa” deitu zion Espainiako poliziak Eginen itxierari. Hurrengo egunean bertan langileek Euskadi información egunerokoa kaleratu zuten. 1999ko urtarrilera arte atera zuten egunkari hura, orduan sortu baitzen gaur egun arte dirauen Gara egunkaria. Gara sortu zutenean, berehala Eginekin lotu zuten, kapital, langile eta ondasun berak mantentzea egotzita. Horren aurrean, Garak argudiatu zuen beste kapital eta ondasun bat zutela, eta langile batzuk berdinak zirela baina langile berriak ere gehitu zituztela. Hala ere, ez zuen balio izan, eta Gararen soinean erori zen 4,7 milioi euroko isuna. Gaur hiru milioi euro ordaindu behar ditu, eta diru hori biltzeko lanetan ari da egunkaria, ezarri dizkioten epeak betetzeko.

Kartzela zigor gogorrak

Zuzendaritza eta administrazio-kontseiluko hainbat kide atxilotu eta zigortu zituzten “pertsiana operazioan”. Jabier Salutregi orduko zuzendariak zazpi urte eman zituen kartzelan, eta Egin kasuagatik Joxean Etxebarria izan zen kartzelatik ateratzen azkena, hamaika urte ziegan eman ostean.

Eginen etsaiak

Eginek sorreratik izan zuen aurka Espainiako Gobernua. 1979an, esaterako, Mirentxu Purroy orduko zuzendaria atxilotu zuten ETAren komunikatu bat zabaltzeagatik. Jabier Salutregik Público egunkariari eskainitako elkarrizketa batean adierazi zuen UCDren gobernuko lehen ministro-kontseiluetan egunkaria ixtea pentsatu zutela, baina ez ziren ausartu oraindik trantsizio garaian zeudelako. Margarita Robles Felipe Gonzálezen gobernu-aldiko Barneko Estatu-idazkaria izan zen, eta 1998ko uztaila horretan, Eginen itxieraren harira, beren garaian Egin ixtea pentsatu zutela adierazi zuen, baina azkenean ez zuten egin ez baitzekiten Espainiako Konstituzioarekin bateragarria zen ala ez.