argia.eus
INPRIMATU
21 lagun hil dituzte Indiako nazionalista hinduek musulmanen aurkako istilu bortitzetan
  • Iskanbilen arrazoia Indiako gobernuak onartutako Herritartasun Akta da, zeinek errefuxiatu estatusa onartu dion Hego Asiako erlijio nagusietako jendeari musulmanei izan ezik.  Musulmanek lege horren aurka egindako protestei aurka eginez, hinduek hiru egunean zehar meskitak eta musulmanen lantoki eta etxeak erre dituzte Delhin.

Maria Ortega Zubiate @ortegazubiate 2020ko otsailaren 26a
Delhiko nazionalista hinduek musulmanen aurka egin dute.

Igandean hasita, nazionalista hinduek osatutako talde jendetsuak musulmanak bizi diren auzoetan zehar dabiltza Delhin. Aldarri hinduistak garrasika, musulmanen etxeak eta meskitak erre dituzte, azken hauetan Saffoneko bandera, hinduismoaren bandera ofiziala jarriz. Hiru egunetan 21 izan dira hildakoak, asko eraikinetatik behera erorita hinduengandik ihesi zihoazela, The Guardianek argitaratu bezala.

Joan den urte amaieran onartutako lege bat izan da haserrearen sortzailea. Citizenship Act delakoaren bidez errefuxiatu estatusa aitortu dakioke Hego Asiako erlijio nagusietakoa den biztanle orori, islamaren jarraitzaileei izan ezik. Erantzunak sortu zituen lege honek komunitate musulmanean, neurri  hau “Indiako sekularizazioaren aurka” zihoala argudiatuz, erlijioaren arabera sailkatzen baitzituen pertsonak.

Protesta jendetsuak eragin zituen lege horrek, komunitate musulmana eta beste hainbat erlijiotako jendea batu zituztenak. 10.000 pertsonatik gora bildu ziren August Krantin, ia mende bat aurretik Gandhik kolonialismoari aurre egindako lekuan. Protestak baketsuak baziren ere, hogeinaka hildako egon ziren manifestari eta poliziaren arteko istiluetan.

Herritartasun Aktaren aurkako protesta Indian.

Protesta horietako baten, musulmanek Delhiko iparraldeko bide bat itxi zuten. Hinduekiko gatazka sortu zen gobernuan dagoen Indiako Alderdi Popularreko buruak, Kapil Mishrak, (Bharatiya Janata Party, BJP) musulman horiek handik bortizki kentzeko agindua eman zuenean.

“Alarma” egoeran daudela adierazi du Delhiko agintari Arvinf Kejriwalek. Armadak han egon beharko lukeela ere adierazi du, eta etxeratze-agindua ezarri beharko luketela. Narendra Modi Indiako lehen ministroak, bere aldetik, “bakea eta anaitasuna” eskatu ditu. Momentuz, lau pertsonatik gorako taldeak debekatu dituzte Delhi iparraldean.

Sekularizazioaren eredu

Erlijio anitzeko herrialdea da India. Erlijio nagusia hinduismoa da, alde handiarekin; biztanleriaren gehiengoa (%78,8) hinduista da, hurrengo erlijio ugariena islama izanik, biztanleriaren %14,2arekin.  Hala ere, musulman gehien dituen munduko hirugarren herrialdea da.