argia.eus
INPRIMATU
21 euskal kirolari arituko dira lehiatzen Parisko Paralinpiar Jokoetan
  • Asteazkenean, abuztuaren 28an, emango diote hasiera Parisko Paralinpiar Jokoei, eta hamabi egun iraungo dituzte, irailaren 8ra arte. Azken lau paralinpiar jokoetatik euskal atleta gehien ariko diren edizioa izango da.

Manex Usarralde Garmendia 2024ko abuztuaren 28a
Nahia Zudaire eta IƱigo Llopis igerilariak Parisko Jokoetan izango dira. Argazkia: Basque Team

Olinpiar Jokoak duela hamazazpi egun amaitu ziren, baina horrek ez du esan nahi lehia olinpikoa amaitu denik. Urrea lortzeko grinak oraindik bizirik dirau hainbat kirolarirengan. Ohi den moduan, Olinpiar Jokoak amaitu ondoren, Paralinpiar Jokoak hasiko dira: gaur ekin diete, eta irailaren 8an amaituko dira. 23 kirol jokatuko dira, eta 4.500 atleta lehiatuko dira, horietan 21 euskal herritarrak. Gipuzkoatik, Bizkaitik eta Iparraldetik bosna kirolari izango dira, eta Arabatik eta Nafarroatik hiruna.

Hamar kiroletan lehiatuko dira euskal herritar atletak: Bost arituko dira gurpildun saskibaloian; txirrindularitzan eta igeriketan launa; bi mahai-tenisean; eta tiraketan, arku-tiraketan, piraguismo sprintean, boccian eta triatloian, berriz, euskal ordezkari bana izango da.

Azken lau edizioetatik euskal talde jendetsuena da aurtengoa

Zortzi kirolari euskaldun aritu ziren Rio de Janeiroko jokoetan. Kopuru txiki hori izatea Euskal Herrian jaiotze-tasak izandako beherakadarengatik zela ondorioztatu zen orduko hartan. Oraingoan ere ildo berdinetik jarraituz espero zen olinpiadetan goi-mailako kirolari gutxiago egotea. Aitzitik, Paris 2024 izango da azken lau edizioetako euskal kirolari gehien izango dituen Paralinpiar Jokoak.

Emakumeen parte hartzeari dagokionez ere gora egin du kirolari kopuruak, Tokiorekin alderatuta. Euskal Herriko 21 kirolarietatik bederatzi izango dira emakumezkoak, eta 12 gizonezkoak.