argia.eus
INPRIMATU
205 metroko garaiera duten haize-errotak egin nahi ditu Statkraftek, egungoen hirukoitza
  • Multinazional norvegiarrak Euskal Herrian egin nahi dituen parke eolikoen proiektuen zuzendariak jakinarazi duenez, Aramaion zazpi dorre kokatu nahi dituzte, bat Eskoriatzan eta beste hiru Azpeitian. Urriaren 11n bilera irekia egingo dute Azpeitian.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko irailaren 23a
Statkraftek munduko hainbat tokitan eraiki ditu haize-errotak (argazkia: Statkraft)

Jon Zayas Statkraftek Euskal Herrian bi parke eoliko eraikitzeko proiektuen zuzendariak Radio Euskadin jakinarazi duenez, esku artean duten egitasmoak dorre erraldoiak aurreikusten ditu: “205 metroko altuera eta 170 metroko diametroa izango lukete”, azaldu du ingeniariak. Gaur egun EAEn dauden eolikoen bikoitza edo hirukoitza lirateke, EiTBk emandako datuaren arabera.

Zayasek tamaina handi hori zergatik izango duten arrazoitzerakoan, errotek “lur gutxiago okupatzeko” izango dela azaldu du. Eskoriatza eta Aramaion aurreikusita duten parke eolikoak halako zortzi errota izango ditu eta Azpeitikoak hiru errota.

Ingeniariak esan duenez, haietatik sorturiko energia, proiektuan parte hartzen duten enpresa eta udalerrien artean banatuko da, eta herritarren artean energia-kooperatibak sortzeko aukera ez dute baztertu. Hornidura emateko, kable fisikoen sare bat eraikitzea ere mahai gainean jarri du Statkrafteko ordezkariak.

Bilera irekia urriaren 11n

Statkraften egitasmoa irailaren 13an ezagutu bezain pronto, Azpeitiko alkate Nerea Alkortak herritarrekin bilera irekia egingo zutela jakinarazi zuen, eta multinazionalaren ordezkariak bertan izango zirela Piaspe izeneko proiektuaren inguruko azalpenak emateko. Urriaren 11n izango da bilera hori, Soreasu antzokian.

Azpeitiko Udalak publiko egin du Statkraftek udalerri horretarako pentsaturik duen egitasmoa ezagutarazteko udalean bertan erregistraturiko dokumentua (pdf). Euskaraz eta gaztelaniaz idatzita, hainbat xehetasun agertzen dira bertan, besteak beste, haize-errotekin lorturiko energia Lasaoko subestaziotik sare elektrikora sartzeko aurretiazko txostena ere badutela, eta konpainiak "parte hartzeko eskema berriak aztertu, bultzatu eta garatu" nahi dituela.

Sañoa Bizirik

Politika eta enpresa arlotik proiektuaren “musika” begi honez ikusi da –Fagorrek, adibidez multinazionalarekin harremanak hasi nahi ditu interesaturik dagoelako–. Aldiz, hainbat herritarren artean mesfidantza sortu du. Asteartean ehun lagundik gora bildu ziren Azpeitiko Sindikatu Zaharrean gaiaz hitz egiteko, eta Sañoa Bizirik talde sortu dute –proiektuak mendi horri eragingo diolako– parke eolikoaren kontra antolatzeko.

Hainbat kidek Uztarria-ri azaldu diotenez arduratuta daude, eolikoek izango duten inpaktu bisualagatik ez ezik, horiek ezartzeko azpiegiturengatik ere: “Errota horiek jartzeko bideak ireki beharko dira, eta ez dakigu nondik”. Errota bakoitzaren oinak 26 metroko diametroa izango duela kalkulatu dute. Eredua ere zalantzan jarri dute: “"Kontua ez da energia berriztagarrien eta energia eolikoaren kontra gaudela, baizik eta ereduaren kontra. Ezin dugu mendiak industrializatzen hasi"

El Salto-n idatzitako artikuluan Gessamí Fornerrek ondorio garbi bat atera du: Statkraft “Iberdrolatik bereizten da formak zaintzen dituelako, baina biek konpartitzen dute haize-errotak jarri nahi dituzten tokiak aukeratzen dituztela". Aitor Urresti EHUko irakaslearekin hitz egin du kazetariak; Urrestik ez du gaizki ikusten Statkraften proiektua, baina arlo horretan Euskal Herrian dagoen lurralde antolamendu falta kritikatu du: “Enpresek proposatzen dute haize-errotak jartzea haize gehien dagoen tokian, hau da, mendilerroetan, gizakiak gutxi antropizaturiko tokietan. Errotek zentzua dute degradaturiko tokietan”.