argia.eus
INPRIMATU
2030erako lur eta itsas eremuak %20 lehengoratzeko araudia onartu du Europar Kontseiluak
  • Astelehenean onetsi du Europar Kontseiluak Natura Lehengoratzeko Legea, hiru hilabeteko blokeoaren ondoren. "Mugarri gako bat da kontinenteko ekosistemen babeserako eta berreskurapenerako", esan dute hainbat elkarte ekologistek, besteak beste, BirdLife Europe, ClientEarth, EEB and WWF Naturarentzako Funtsa taldeek.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2024ko ekainaren 18a
Argazkia: Inside Nature News

Europako Batasuneko estatukideen betebeharra izango da haien lur eta itsas eremuen %20 berreskuratzea 2030. urterako, eta hurrengo bi hamarkadetan, lehengoratzea behar duten ekosistema kaltetu guztiak ere berreskuratu beharko dira. Horrez gain, xedetzat ditu legediak ondoko puntuak ere: energia hidraulikoaren konexioa hobetu eta oztopo artifizialak ezabatzea, intsektu polinizatzaileen galera etetea, basoetan uzten diren zuhaitz hilen egur kopurua handitzea eta hiriguneetan berdeguneak hedatzea.

Oposizioa ozta gaindituta

Hiru hilabeteko blokeoaren ondoren, Europar Kontseiluak aste honetan onartu du Natura Lehengoratzeko Legea. Otsailaren hondarretan jaso zuen Europako Legebiltzarraren onespena, nahiz Europako Alderdi Popularrak eta ultraeskuinak kontra egiteko deia luzatu. Lehen sektoreko hainbat talde mobilizatu egin dira azken aste eta hilabeteotan, eskuin muturrak hauspotuta, nekazarien interesen aurka zihoalakoan.

Austriaren eta Eslovakiaren jarrera aldaketa premiazkoa izan da, araudia onartzeko gutxieneko baldintza zelako aldeko botoek Europar Batasuneko biztanleriaren %65 ordezkatzea, eta bi estatu horiek gabe ez zen minimo horretara heltzen. Igandean iragarri zuen Austriako Ingurumen gaietarako ministroak, alderdi ekologistako Leonore Gewessler-ek, haien gobernuaren jarrera aldaketa, "politika eta erabaki ausartak" behar direla esanez. Baina ez da nekerik gabe atera: Austriako Karl Nehammer gobernuburuak aurka hitz egin du. Egitasmoaren alde negoziatzeko zilegitasunik ez duela esan dio, eta krisia zabaldu da gobernua osatzen duten alderdi demokristauaren eta berdeen artean.

Azkenean, legearen aurka bozkatu dutenak ondorengo estatu hauek izan dira: Finlandia, Herbehereak, Hungaria, Italia, Polonia eta Suedia. Abstentzio bakarra egon da: Belgika. Gainontzeko estatukideek aldeko botoa eman dute.

"Garaipen historikoa"

#RestoreNature edo #NaturaLehengoratu izenpean mobilizatu dira hainbat talde ekologista, BirdLife Europe, ClientEarth, EEB and WWF Naturarentzako Nazioarteko Funtsa taldeak. Ohar bateratuan adierazi dute "mugarri gakoa" dela onartu den legea, eta Europar Kontseiluaren jarrerak islatzen duela Europako "gehiengoaren konpromisoa".

Aipaturiko elkarteen iritziz "garaipen historikoa" izan da, eta horrek "aukera historikoa" zabaltzen du kontinente zaharrak uholdeei, lehorteei eta suteei aurre egin behar dien "garai kritikoan".