Euskalgintzaren Kontseiluak Larrialditik indarraldira adierazpena plazaratu du Euskararen Egunaren atarian. 2025a euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian jartzeko urtea” izango dela adierazi du. Bide horretan, lehen eginkizuntzat jo dute euskararen biziberritzea agenda politiko eta sozialaren ardatzean jartzea. 2025eko abenduan mobilizazio sozial handi bat egingo dutela iragarri dute.
Azaroaren 9an ohartarazi zuen Kontseiluak euskara eta hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daudela. Orain beste urrats bat eman nahi du, 2025era begira. Azaro hasierako agerraldian adierazi zuen Kontseiluak “larrialdi linguistikoan gaudela esatea” ez dela arrangurarako eta etsipenerako deia, baizik eta “larrialditik indarraldirako bideari ekiteko” lehen urratsa. “Diagnostiko zuzena”, esan zuten; normalizazio eta biziberritze prozesua “noranzko egokian” jartzeko.
2025a euskararentzat eta hiztun komunitatearentzat urte garrantzitsua izango dela azpimarratu dute. Noranzko berrian pausoak ematen hasteko, lehen eginkizuntzat jo dute gaia agenda politiko eta sozialean txertatzea. Erakundeei, agintariei, eta eragile politiko eta sozial orori egin die dei “auzi politikoari erabakimenez “ heltzeko. Urgentea dela azpimarratu dute.
Era berean, 2023ko azaroaren 4ko manifestazioaren ondoren hartutako konpromisoa berretsi du Kontseiluak, alegia, normalizazioa noranzko egokian jarriko duen akordio sozio-politikoa bideratzeko erantzukizuna hartuko duela.
Larrialditik indarraldirako bidean “denen premia” dagoela azpimarratu du. Akordio politiko eta soziala eskatzeaz gain, herritarrei dei egin die prozesuan parte hartzera. Egunerokoan ekarpenak egitera animatu dituzte herritarrak, hau da, euskaraz egitera, euskaltegira joatera edo Durangoko Azokara hurbiltzera. Alabaina, iragarri dute “mobilizazio sozialerako gonbidapenak” ere izango direla 2025ean.
Mobilizazioa 2025eko abenduan
Euskararen Egunaren testuinguruan, “mobilizazio sozial handi” bat egingo dela iragarri dute. “Prozesu baten emaitza” izango dela azaldu dute, eta “ziklo berri baten abiaburu”. Hurrengo hilabeteetan emango dituzte mobilizazioari buruzko xehetasunak.