argia.eus
INPRIMATU
2025/2026 ikasturterako ikasle guztiek eredu dualean ikastea du helburu Lanbide Heziketako IV. Planak
  • Gaur egun Lanbide Heziketako ikasleen %30ek ikasten du eredu dualean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 7542 enpresetan. Iaztik bikoiztu baino gehiago egin da enpresa kopurua, eta hemendik hiru ikasturtera 25.000 izatea nahi dute.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko otsailaren 24a
Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak, alboan Lanbide Heziketako sailburuorde Jorge Arévalo zuela, Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana aurkeztu du (Argazkia: irekia)

2025/2026 ikasturterako Lanbide Heziketako ikasleen %100ak eredu dualean ikastea du helburu. Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak ostegunean aurkeztu du Lanbide Heziketako VI. Plana. Horretarako, 25.000 enpresa baino gehiagoren esku-hartzea bultzatu nahi dute. Gaur egun 46.671 ikasle ari dira Lanbide Heziketa ikasten EAEn, horietatik %30 eredu dualean, 7.542 enpresetan.

Lanbide Heziketan parte hartzen duen enpresa kopurua bikoiztu baino gehiago egin da iaztik, 3.155 baitziren 2021/2022 ikasturtean. Urtez urte prestakuntza dualean ikasle gehiago izatea du helburu plan berriak; hots, datorren kurtsoan ikasleen %50 eta 2024/2025 ikasturtean %70.

Hezkuntza Sailburuak adierazi duenez, Lanbide Heziketako VI. Euskal Plana "Lanbide Heziketako euskal sistemaren hurrengo eraldatzea oinarrituko duen instrumentua" da. "Handinahiagoa eta eraldatzaileagoa" izango den eredua bultzatu nahi dute. Horretarako, ekintzailetza-kultura lantzen jarraitzeko asmoa azaldu du Bildarratzek, 75.000 ikasle baino  gehiagorekin. 300dik gora enpresa sortzea ere bultzatu nahi dute.

Aldaketetara moldatuz

Horrez gain, lanpostu askoren eraldaketei erantzuteko tresnak jarri nahi dituzte martxan. Horregatik, plan berriak "erabateko eraldatze digitala" bultzatuko du Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuetan. Bide horretan, 2025/2026 ikasturterako ikastetxe guztiak erakunde adimendun bilakatu nahi dituzte, "gai izan daitezen teknologia digital eta adimendun altuko ekoizpen-ingurune berri baten ondoriozko erronkei aurre egiteko".