Nobel Akademiak iragarri ditu Medikuntzako, Fisikako eta Kimikako aurtengo irabazleak. Zazpi dira, eta zazpiak, gizonak, denak zuriak, eta AEB edo Erresuma Batukoak. Guztiz bete da, beraz, egun batzuk lehenago Nature aldizkariak egindako iragarpena. Aurreko urteetako irabazleen soslaietan oinarrituta, erretratu hau egin zuen: 58 urteko gizona, estatubatuarra edo, bestela, europarra, zuria eta familia akademiko jakin batekoa. Horrenbestez, aurtengoa ez da kasualitatea.
Zientzialariek lehen ere salatu izan dute Nobel saridunen erretratuak ez duela bat egiten gaur egun ikerketa-munduan dagoen dibertsitatearekin, eta Akademiak sariketaren irizpideak eguneratu beharko lituzkeela, historikoki egon den bazterkeria gainditzeko eta jarduera zientifikoaren errealitatera egokitzeko.
Ez da bidezkoa, ez bakarrik hainbat ikertzaile kanpoan uztea beren generoa edo jatorriagatik, baizik eta, zientzia talde-lana den arren, gehienez hiru pertsona saritzea kategoria bakoitzean.
Azken urteetan, bazen Nobel Akademia aldatzen ari zela zioenik, adibide hau jarrita: XX. mende osoan, 11 emakume baino ez zituzten saritu zientzietako kategorietan; 2000-2023 artean, berriz, 15. 2024a etorri den arte.
Askori aukera galdua iruditu zaie Rosalind Leeren lana aitortu ez izana Medikuntzako kategorian. Hain zuzen, Nobel Akademiak berak saria iragarri ondoren zabaldu zuen mezuan, Victor Ambros eta Rosalind Lee senar-emazteak azaltzen dira argazkian, hitz hauekin batera: “Zorionak gure 2024ko medikuntzako saridunari, Victor Ambros. Sariaren albistea bere lankide eta emazte Rosalind Leerekin batera ospatu du, zeina Nobelaren Batzordeak aipatu duen 1993ko Cell aldizkariko artikuluaren lehen egilea ere izan baitzen”.
Beste batzuek azpimarratu dute, Lee Nobel Batzordeak sarirako aintzat hartu duen artikuluaren egilea izateaz gain, gerora ere senarrarekin batera aritu dela lanean, eta funtsezko ekarpenak egin dituela. Hori bai, ikerketa-taldearen burua beti izan da Ambros. Baina hori ere ez da kasualitatea.
Generoarekin gertatzen den bezala, ikertzaileen jatorriari dagokionez ere Nobel sariek ez dutela egungo dibertsitatea islatzen nabarmendu du Nature aldizkariak bere editorialean. Hala, izenburuan bertan adierazi du Nobel Akademiak hautagaitza-prozesua zabaldu beharko lukeela.
Txinaren adibidea jarri du. Nature Index datu-basearen arabera, natura- eta osasun-zientzietan ekarpen handiena egin duten munduko hamar erakundeen zerrendan, zazpi Txinakoak dira. Alabaina, jatorri txinatarra duten 10 zientzialarik baino ez dute jaso Nobel sarien aitortza.
Hautagaiak aurkezteko prozesua ere kritikatu du Naturek editorialean; bereziki, kanpoan uzten dituelako herrialde ekonomikoki ahuletako erakunde zientifikoak. Hala, uste du Akademiak laguntza onartu beharko lukeela hautagaiak identifikatzeko, eta esaldi honekin bukatzen du: “Gauza bat da munduaren isla ez den sari bat izatea; beste bat da zientziaren mundua ez islatzea”.