Litekeena da 2024an Baionako festak beste data batean egin behar izatea, eta bertan behera geratzeko arriskua ere badago, bertan egon beharko luketen polizia gehienak Pariseko Joko Olinpikoetan izango direlako.
Orotara 45.000 bat polizia ariko dira lanean 2024an Parisen izango diren Joko Olinpikoetan –uztailaren 26tik abuztuaren 11ra bitartean–, Frantziako Barne ministro Gérald Darmanin-ek azaldu duenez. Eta, ondorioz, data horietan egin ohi diren kultur eta kirol ekitaldiak "atzeratu egingo dira, edo bertan behera utzi".
Baionako festek milioi bat lagun inguru biltzen dute, eta bost egunez ehunka polizia eta gendarme mobilizatzen dituzte. 2024an, uztailaren 24tik 28ra ospatzekoak dira, baina oso litekeena da Joko Olinpikoek data aldaraztea. Baionako alkate René Etxegaraik adierazi du sekula ez dela gertatu Joko Olinpikoetatik kanpo bizitzarik izango ez dela iradokitzea, Barne ministroak egin bezala. "Gutako askorentzat Jokoak bezain garrantzitsuak dira Baionako festak", esan du alkateak, France Bleu-k jaso duenez. Etxegarai harriturik azaldu da, badirudielako Jokoen ondorioez orain ohartu dela Barne Ministerioa, nahiz eta Paris duela urte asko aurkeztu 2024ko Jokoak hartzeko hautagai moduan.