argia.eus
INPRIMATU
2024an 361 kazetari atxilotu zituzten munduan
  • Asiak jarraitzen du izaten kazetari gehien atxilo dituen kontinentea: 2024an atxilotutako kazetarien %30 baino gehiagorekin. Txina, Israel eta Myanmar izan ziren berriemaile gehien espetxeratu zituzten estatuak iaz. Osotara, 200 kazetari baino gehiago hil eta ehunka zauritu eta torturatu ditu Israelek.

Julene Flamarique 2025eko urtarrilaren 23a
AP

Urtarrilaren 16ean New Yorken egoitza duen Kazetarien Babeserako Batzordeak (CPJ) argitaratutako txosten baten arabera, 2024. urtean 361 kazetari espetxeratu dituzte mundu osoan. Kontaketa egiten dutenetik bigarren zifrarik altuena da, hori 2023koa da: 370 kazetari espetxeratuak. Bielorrusia eta Errusia ostean, Txina, Israel eta Myanmar izan ziren berriemaile gehien kartzelatu zituzten estatuak. Herrialde askotan, Txina, Israel, Tunisia eta Azerbaijanen kasu, inoizko zifrarik altuenak izan dituzte-

Errepresioa, gerra eta ezegonkortasun politiko edo ekonomikoa izan dira kazetariak espetxeratzeko zerrendatu dituzten arrazoi nagusiak. 2024an kartzelatutako kazetarien %63a (361tik 228, alegia) estatuaren aurkako karguei egin behar izan zieten aurre, sarritan terrorismoa edo estremismoa leporatu zieten, Myanmar, Errusia, Bielorrusia, Tayikistan, Etiopia, Egipto, Venezuela, Turkia, India eta Bahrainen kasu, CPJk argitara eman duenez.

Asian dago munduan kartzelatutako kazetarien %30a

Asiak jarraitzen du izaten espetxeratutako kazetari gehien dituen kontinentea, 2024an atxilotutako kazetarien %30 baino gehiagorekin, CPJ-ren datuen arabera. Herrialde espetxeratzaile nagusiez gain, –Txina, Myanmar eta Israel–, Afganistanen, Bangladeshen, Indian eta Filipinetan ere baziren kartzelatutako kazetariak. Hedabide independenteen aurkako etengabeko errepresioak bihurtu du Azerbaijan kazetarien espetxeratzaile nagusietakoa Erdialdeko Asian.

Halako zifrak "arreta deitzeko moduak" direla esan du Jodie Ginsbergek, CPJ-ko zuzendari exekutiboak. Gaineratu duenez, "kazetarien aurkako erasoen areagotzea ia beti beste askatasunen aurkako erasoak handitzearen eskutik doa: informazioa eman eta jasotzeko askatasunaren, elkartzeko eta aske zirkulatzeko askatasunaren eta protesta egiteko eskubidearen eskutik".

Israel, Nazioarteko Zuzenbidearen bortxatzaile

2024an guztira 108 kazetari atxilotu zituzten Ekialde Ertainean nahiz Afrika Iparraldean. Palestine Chronicle-ko editore eta Islam eta Gai Globaletarako Zentroko ikertzaile Ramzy Baroudek nabarmendu duenez, Israelek kazetari palestinarrei emandako tratua “bereziki krudela” izan da iaz. Barouden esanetan, 200 kazetari baino gehiago hil, ehunka zauritu eta beste hamaika espetxeratu eta torturatu ditu Israelek. "Horrek Israel munduko prentsa askatasunaren urratzaile nagusietako bat bihurtu du”, adierazi du.

“Prentsa askatasuna urratzen duten beste herrialde batzuetan ez bezala, Israelek kazetarien hilketa, atxiloketa eta torturengatik ondorio gutxiri egin behar dio aurre. Mendebaldeko lider politiko askok Israel askatasun eta demokrazia eredu gisa aurkezten jarraitzen dute, urraketa larri hauek izan arren”, argudiatu du Baroudek. Inplikatutako alde guztietan presio egin beharra azpimarratu du, “prentsa askatasuna urratzen dutenek kontuak eman ditzaten, auzi hau tarteka komunikabideetan agertu baino, egiazko ekintzak eragiteko”.