Lau ardatz nagusiren inguruan egin dute 2024ko azterketa: indarkeria matxista; lurraldea; gerra eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak, eta analisiaren sozializazioaren garrantzia azpimarratu.
Urtarrilaren 20an Talaia Feministak 2024. urteko dosierra aurkeztu du Bilboko Louise Michel Liburuak liburu-dendan. Analisi feminista baten emaitza den dokumentu honek azken urteko dinamika soziopolitikoak ikuspegi feminista batetik lantzen ditu; indarkeria moldeak, erresistentziak, eta balizko horizonte eraldatzaileak. Taldeak jakinarazi duenez, edukia Talaia Feminista Topaketan eztabaidatuko dute, otsailaren 1ean, EHUko Sarrikoko Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Yolanda Jubeto taldeko kidearen hitzetan, “Talaia Feministak aurrera jarraitzen du. Berri pozgarria, Euskal Herri feminista amesten eta lortze aldera lanean ari garen komunitate honetako kide sentitzen garen emakume* independentista edo/eta subiranistontzat”.
Lau ardatz nagusiren inguruan egituratzen da analisia: indarkeria matxista; lurraldea; gerrak eta gatazka armatuak; eta eskuin muturra. Berdintasun politika publikoak eta osasun mentala bezalako gaiak ere jorratzen ditu.
Indarkeria matxistaren aurkako borroka gero eta “instituzionalizatuago” dagoela diote txostenean, “ondorio positibo zein negatiboekin”. Egileen arabera, prozesu horrek aukera eman du arazoa ikusarazteko eta ekintza-esparruak ezartzeko, baina kontraesanak ere sortu ditu. Gainera, “askotarikoa eta intersekzionala” den mugimendu feministak hainbat erronkari aurre egin beharko die, hala nola sare sozialen erabilerari, segurtasun ezaren sentsazio geroz eta handiagoari eta inpunitatea indartzeari. “Egiaztatu dugu indarkeria sistemikoa berrantolatu egin dela, modu esplizitu eta lotsagabeenetara joz, eta indarkeria inplizitu eta sinboliko mota berriak erabiliz”, nabarmendu dute Begoña Zabalak eta Amaia P. Orozkok.
Nekazaritza sektoreak mobilizazio esanguratsuak izan zituen 2024an, landa eremuko “ezinegon sakonaren” isla. Demokratikoki adostu gabeko megaproiektuen sendotzeaz ohartarazten du dosierrak, “lurralde indarkeria” gisa definituak. Aitzitik, erresistentziak antolatzen ere ari dira, agroekologiatik, ekofeminismotik, makroproiektuen aurkako mobilizazioetatik, eta energia kooperatiba eta komunitateak ugaltzetik. Lurra, bizitza eta gorputzak ”uztartuko dituen” burujabetza ekofeministaren alde borrokatzearen garrantzia azpimarratu dute, “elikadurarako eskubide kolektiboa” aldarrikatuz.
Gatazka armatuen eta gastu militarraren gorakadak nabarmendu dituzte, baita horiek dakarten diskurtso militaristen normalizazioa ere. Dosierraren arabera, testuinguru horiek bortxazko migrazioak areagotu eta indarkeria matxista eta sexuala larritzen dituzte. Horregatik funtsezkotzat jotzen dute Euskal Herriko mobilizazio antimilitaristarako tradizioa eta aktibismo feminista berrartzea."Lehenik, erantzukizunak azalerazteko, eta gerren, patriarkatuaren, kapitalismoaren eta kolonialismoaren arteko lotura salatzeko; eta bigarrenik, feminismo internazionalista eta antimilitarista gorpuzteko”.
Europan eskuin muturrak aurrera egin duela ohartarazten du dokumentuak, “bizitzaren prekarizatze prozesuek eragindako urritasun- eta beldur-sentsazio orokorrez elikaturik”. Gainera, korronte horrek feminismoa eta emakumeak modu instrumentalean erabiltzen dituela azaleratu dute, erreakzio antifeminista bultzatzearekin batera. “Premiazkoa da onartzea eskuin muturra ekosistema gisa Euskal Herrian dagoela jada, baina badela oraindik arkitektura soziopolitiko bat, sistemari aurka egiteko sentimendua beste bide batzuetatik bideratzeko aukera ematen duena”, gaineratu dute egileek.
Azterketaren aurkezpenaren ostean, Kizkitza Gil de San Vicentek dosierreko bi gai azpimarratu ditu: berdintasuneko eta osasun mentaleko politika publikoak. Otsailaren lehenengoan Talaia Unean landuko dituzten galderak planteatu ditu, hala nola berdintasun politiken eraginkortasuna eta eraldatzeko gaitasunari buruzkoak. Osasun mentalaren arazoaren politizazioaz ere mintzatu da, eta sufrimendu mentalari “modu kolektiboan heltzeko” bideen inguruko eztabaida piztearen inportantziaz.
Euskal Herrian “erresistentziak metatzea” funtsezkoa dela ondorioztatu du Talaia Feministak. Talde sustatzailearen arabera, “analisi feminista zorrotz bat egitea bezain garrantzitsua da bere sozializazioa, Euskal Herrian trantsizio feminista bultzatzeko helburuarekin”.
Dosier osoa eskuragarri dago jada bere webgunean, eta topaketan izena emateko epea zabalik dago ekitaldiaren egunera arte.