Azken Etxea, Zerria eta Ni ez naiz Mikel Laboa lanak saritu ditu epaimahaiak Euskarazko Literatura, Haur eta Gazte Literatura eta Ilustrazioa kategorietan hurrenez hurren. Oraindik beste lau irabazle daude jakinarazteke.
Euskadi Literatura sariek badituzte 2023ko edizioko lehen hiru irabazleak: Arantxa Urretabizkaia, Patxi Zubizarreta eta Joseba Larratxe 'Josevisky'. Urretabizkaiak Euskarazko Literatura saria jaso du Azken etxea (Pamiela) lanagatik; Zubizarretak irabazi du, ordea, Haur eta Gazte Literatura saria Zerria (Erein) liburuari esker; eta ARGIAko kolaboratzaile Larratxe Ni ez naiz Mikel Laboa (Elkar) komikiagatik saritu dute Ilustrazioaren esparruan.
Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak eman ditu irabazleen izenak Donostiako San Telmo Museoan egindako ekitaldian. Halaber, gogoratu du oraindik beste lau sari falta direla emateko. Iragartzeke daudenak –Gaztelaniazko Literatura, Euskarazko Literatura Itzulpena, Euskarazko Saiakera eta Gaztelaniazko Saiakera–, datorren astean jakinaraziko dituzte. Euskadi Literatura sari banaketa azaroaren 15ean izango da Getxoko Muxikebarri Zentroan.
Lan berezi eta estetikoa
Arantxa Urretabizkaiaren Azken etxea lanean epaimahaikideek nabarmendu dute lanak eskaintzen duen “ezaugarri formal eta hautu estetiko berezia”. Halaber, “narrazioaren ikuspuntutik hartutako arriskuak” goraipatu ditu. Urretabizkaiak azpimarratu du, “bizitzak uzten badio” behintzat, ez dela bere azken liburua izango: “Gizarteak espero du nire adinekoak atseden hartzen arituko garela beste ezer egin gabe”.
Aldaketarako deia
Patxi Zubizarretarentzat bosgarren Euskarazko Haur eta Gazte Literatura saria da. Idazleak “memoria ariketa” gisa deskribatu du Zerria liburua. Bere esanetan, literaturak “hunkitu eta aldaraziko gaituen zerbait” izan behar du: "Sortzen ari garen gizartearekin matxinatzeko eta beste bat sortzeko". Epaimahaikideen arabera, literaturaz gozatzeko eta pertsona gisa hazteko “adibide oso egokia” da Zerria: "Gazte literaturaren sinpletasunetik eta topiko tipikoetatik urruntzen da".
Proposamen freskoa
Joseba Larratxek –ARGIAko kolaboratzailea, besteak beste– adierazi du Ez naiz Mikel Laboa lanean Donostiako artistaren bizitza marraztea “oso berezia” izan dela: "Niretzat figura garrantzitsua da”. Halaber, eskerrak eman dizkio Mikel Laboa Katedrari, lanbidean “ohikoak” ez diren baldintzetan aritzea ahalbidetu diolako. Epaimahaiak "proposamen fresko eta gogoangarria duen lan konplexua" izateagatik saritu du Larretxe. Gainera, lana goraipatu du “erreferentzia zein sinbolo kultural asko” jaso dituelako.