ARGIAko lantaldearen eskutik, hiru disko proposatzen ditugu uda honetarako.
Anonyme Popular
Igor Elortza / Rafa Rueda
Zart Kolektiboa, 2022
CDa oparitan jaso, aparailua isiotu, kozinatzeari ekin eta... “Ui, zer da hau!”. Ez zitzaidan sartu. Biharamunean ostera ere: eseri lasai, jarri ostera ere diskoa, eta bertso-jarriekin lagunduta entzun. “Dedio, ze ona!”. Igor Elortzaren astinduak eta hausnarketa zirikatzaileak barneratu –“aiba, hori nik bizi izan dut!”–, eta sasoi batean samur entzungo ez nuen –“doinu elektroniko horiek...”– Rafa Ruedaren musika fina barruraino eraman. Bi astera, Iruñeko Antzerki Eskolako zuzenekoak samur biderkatu zituen etxeko entzunaldi ederrak. Dena bideo irudi iradokitzailez jantzita. Zu, ni, gu... atzo eta gaur. Xabier Letona Biteri
******************************
Itsasoa da bide bakarra
Ines Osinaga
Elkar, 2022
Itsasoa da bide bakarra lanaren egile eta ekoizleak dio hau ez dela disko bat, liburu bat dela, baina aldi berean ez dela liburu bat. Halaxe da, narrazio liburu bat irakurtzen ariko bagina bezala, hamasei kantetan istorioak entzuten eta oso erraz irudikatzen joango da entzulea. Ines Osinagak Joseba Sarrionaindiaren hitz jolasti bezain iradokitzaileetatik abiatuta ondu ditu kantuak, emakume kolaboratzaileekin aurkeztu dituenak. Musika industrian ohikoak ez diren hiru minutu baino dezente luzeagoak dira piezak, baina inolaz ere astunak, belarrira eta batik bat barrura gustagarri egiten baitira. Habanako haize goxo eta gordina dakar diskoak, trikiti doinuetatik elektronikoetaraino bidaiatzeko. Folklorearen beste aurpegi bat. Leire Artola Arin
******************************
Bizi bagina bezala
Nhil
Autoekoizpena, 2022
Aitorren tronboiak eta Liaren saxoak garrantzia berezia hartzen dute Debagoienako talde gaztean. Lehen lan luzea dute honakoa. Pop doinu bereziek, funk ukituarekin, dantzan jartzen dituzte geldirik egon nahi ez duen gazteriaren gerriak. Bereziki ondo egiten du belarrira Sararen ahots goxoak, eta pianoa ere ongi ematen zaio; aldean, gainera, Beñatek eta Xabik gitarra eta baxua ondo jotzeaz gain, koroak egiten entzutea plazera da; Ahaztu baino lehen edo Bilatzen oreka abestiak, horren adibide. Gorka Peñagarikano Goikoetxea
******************************