Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak “Monitoreo Derecho a la Vida” txostenaren edizio berrian egindako balantzea da: 6.618 hildako izan dira mendebaldeko Muga Euroafrikarrean; horien artean, 384 haur.
Iaz 6.618 pertsona hil ziren Afrikatik Espainiako Estatura iritsi nahian; bataz beste hemezortzi migratzaile egunean, alegia. Duela bi urte datuak jasotzen hasi zirenetik jasotako datu okerrenak direla adierazi du Caminando Fronteras gobernuz kanpoko erakundeak. Hildako guztietatik, gehienak, 6.007, Kanariar Uharteetarako bide atlantikoan hil zirela adierazi dute; 434, berriz, Aljeriatik aterata mediterraneoa gurutzatzen; beste 147 Gibraltarko itsasartea gurutzatzen; eta azken 30ak Alborango bidean.
Erakundeak nabarmendu du kasu askotan “berandu” heldu zela laguntza, edo zuzenean ez zela bestelako bilaketa operaziorik aktibatu. Atzerapen horiek “mugen esternalizazioaren politikak” bultzatzen dituela azpimarratu dute eta azken instantzian, helburua “migrazioa kontrolatzea” dela, “ez pertsonak salbatzea”. Espainiako Gobernuak izandako jarrera ere salatu dute: “Maiz, erreskateak hirugarren herrialdeen esku utzi ditu, horiek lan horretarako baliabide nahikorik eduki izan ez arren”.
Itsasoan, arriskuan dauden pertsonen egoeraren inguruan informazioa zabaltzen duten erakunde eta banakoen "kriminalizazioa" ere salatu dute txostenean.