Assemblea Nacional Catalana-k antolatu duen manifestazioaren nondik norakoak azaldu dituzte eta berriz ere Europako manifestaziorik handiena bilakatu nahi dute.
"Tornem-hi per vèncer: independència" (irabazteko itzul gaitezen: independentzia) lelopean itzuliko da aurten Diadako manifestazioa. Assemblea Nacional Catalanak deia egin du amore ez emateko gizarte zibilaren etengabeko borrokan eta independentziarantz aurrera egiteko, alderdi politikoetatik harago. Dena, independentziaren aldeko indarraldi berri bat prestatzeko.
Pandemia iritsi zenetik Europan egindako manifestazio jendetsuena izan zen aurreko urteko edizioa eta aurten asmo berarekin dabiltza. Irailaren 11eko manifestazioa berriz ere jendetsua izan dadin erreferendumaren bosgarren urteurrenean.
Bartzelonan ospatuko da eta manifestazioa hirian zehar barreiatuko da. Honakoa izango da ibilbidea: Paralelo etorbidean hasiko da – hasiera Ontziola plazatik gertu izango da –, Colom pasealekutik eta Isabel II.aren pasealekutik igaroko da, eta Marques de l 'Argentera etorbidean amaituko da, Frantziako geltokiaren aurrean. Bertan Asanbladako, Omnium Culturaleko eta Independentziaren aldeko Udalerrien Elkarteko (AMI) hitzartzeak izango dira, manifestazioa antolatzen duten hiru erakundeak.
Ibilaldia markatutako bi puntuen arteko bi bideetatik egingo da, honela, paraleloan ibiliko diren bi manifestazio izango dira. Jende askok parte hartzen badu ordea, banaketa oharkabean pasatzea espero dute.
Manifestazioa 17:14an hasiko da baina gomendioa 16:30ean gerturatzea da. ANCk adierazi duenez ez da aurretik izenik eman behar, baina erakundeak adierazi du aurrerago udalerri edo auzo bakoitzari dagokion tartea kontsultatu ahal izango dela webgunean.
Kamiseta bat ere egin dute aurtengo Diada ospatzeko. Aurten beltza izango da, orain arte erabili ez den kolorea. Bertan manifestazioaren leloa agertzen da "Tornem-hi per vèncer: independència". Aurten berriro ere kontzertuak izango dira, pandemiak jo zuenetik lehen aldiz. Festa per la Llibertat, Òmnium Cultural-ek antolatzen duen jaialdia itzuliko da Lluís Companys pasealekuan honako kontzertuekin: Pets, Roba Estesa eta Lildami.