argia.eus
INPRIMATU
2022ko bertso saio eta plazako datuak
  • Bertsolaritzan askotariko saio motak aurkitu ditzakegu. Gure gizartean oso errotuta dagoen kultur adierazpidea da eta edozein herritan aurkituko ditugu bertsolariz osatutako edo bertsolariak parte diren ekitaldiak. Jai eta festa giroan ere oso presente dago bertsolaritza betidanik. Herri gutxi izango da Euskal herrian urte osoan zehar bertso saio edo bertsogintzak presentzia duen ekintzarik ez duenik. Baina bestelako kultur espazioak ere betetzen ditu, izan areto, zinema edo kultur- etxeetako gelak besteak beste.

Bertsozale.eus @bertsozale 2023ko ekainaren 28a

Erronka askori aurre egin behar izan dio bertsolaritzak bere historian zehar, eta beti aurkitu izan du egoera berrietara moldatzeko modua. Berritzeko eta moldatzeko gaitasuna bere egin ditu bertsolaritzak, eta beti mugimenduan dagoen gizarte baten parte izanik eraldatzen doa etengabe.

Covid-19ak, eta ondorioz ezarritako neurriek lurrikara eragin zuten bertsolaritzaren ekosistema osoan, baina guretzat ezinbestekoak diren bertso-eskola eta bertsozaleei esker mantendu ditugu plaza asko. Plaza azterketak ekosistema guzti honi jarraipena egitea du helburu. Xenpelar Dokumentazio Zentroak gidatutako bilketa sistemak emandako datuei esker aztertu ahal izan ditugu ondorengo datu hauek.