argia.eus
INPRIMATU
2022ko beroaldiak 11.000 pertsona hil ditu Frantzian eta 5.000 Espainian
  • Frantziako eta Espainiako estatistika institutu nagusiek ezagutarazi dituzten kalkuluetan, 2022ko uda bereziki beroak eragin du bi estatuetan ohi baino milaka pertsona gehiago hiltzea, zehazki 11.000 Frantzian eta 5.000 Espainian.

ARGIA @argia 2022ko irailaren 07a

Frantziako datuak INSEE Estatistika Institutuak irailaren 2an plazaratu ditu eta Le Monde egunkariak zabaldu “La canicule 'vraisemblablement' à l’origine de plus de 11 000 décès supplémentaires en France cet été” (Uda honetako beroaldiak ziurrenik 11.000 heriotza eragin ditu) izenburuko albistean. Ondorio horietara iritsi dira soziologoak alderatu ostean alde batetik 2022ko ekainaren 1etik abuztuaren 22a artean Hexagonoan hil diren jendeen kopurua eta bestetik 2019an epe berean gertatutakoa. Egunkariak dioenez, INSEEren txostenak ez ditu zehazten heriotza gehigarri horien kausa zehatzak, baina zuhurtasunez dio kopuru horiek esplikatzen direla ziurrenik ekainaren erditsuan hasi eta errepikatu diren beroaldiekin.

Hipotesi horren oinarritzat, estatistika institutuak dio uda honetan Frantziak heriotzetan ezagutu dituen hiru gailurrak kronologikoki lotuta ageri direla gertatu diren hiru beroaldiekin, zehazki bat ekainaren 19aren inguruan, beste bat uztailaren 19 aldean eta hirugarrena abuztuaren 4an lehenik eta 11-13an gero.

Frantziako Estatuko hedabideetan oraindik aipatzen da, Espainiakoetan ez bezala, 2003ko beroaldi handian gertatutako heriotza kopuru handia eta harekin alderatzeko moduko egoera gertatu dela esan du INSEEk aurtengoagatik.

Espainiari dagokionez, RTVE Espainiako irrati telebista publikoak irail hasieran plazaratu du ("Las muertes atribuidas al calor en España triplican la media de los últimos cinco años") estatu honetan azken urteotako heriotzen bataz bestekoa hirukoiztu egin dela beroagatik 2022an. RTVE oinarritu da epidemiologia eta analisi estatistikoetan erreferentzia den Carlos III Institutuaren populazioaren hilkortasunaz egiten dituen (MoMo eredua) kalkuluetan. Honen arabera 4.700 pertsonatik gora –horietatik 3.800 uztail eta abuztuan– hil ditu beroak aurten Espainiako Estatuan. Hemen ere Frantzian bezala soziologoek lotura zuzena aurkitu dute heriotzak bereziki ugaritu ziren egunen eta udak eduki dituen beroaldien artean.

Euskal Herriari dagokionez, Iparraldeko daturik ez da ageri Frantziako Estatistika erakundean oinarrituta Le Monde-k plazaratutako albistean. Bai, aldiz, Hegoaldekoak Carlos III. Institutuaren datuetan. Hauen arabera, 2022ko udan beroagatik Nafarroan hil dira 100.000 biztanletik 17,8, Bizkaian 8,8, Araban 7,8 eta Gipuzkoan 1,8.