Aurten, eguneroko Suelta la Olla, Hizpidea eta Arrosa sareak ekoitzitako Zebrabidea magazinez gain, 42 irratsaio propio izango dira entzungai Hala Bedi irratiaren uhinetan. Euskaraz 14 irratsaio egingo dira, 27 gaztelaniaz eta galizieraz bat.
Zazpi saio berrik hasiko dute aurten ibilbidea Hala Bedin. Musikak eta kulturak, ohi bezala, lekua izango dute irratiko programazioan. Azido Beltza saioak, musika beltza ardatz, gazte mugimendu kontrakultural eta iraultzaileak izango ditu hizpide. Teoría de Cuerdasen elkarrizketak egingo dizkiete musikariei eta musikaren munduan aritzen diren pertsonei, estatuko eszena undergrounda ezagutzera emateko. Insomniorako abestiak programan bestelako tarte musikal bat sortuko dute: musika lasaiari bideratutako saioa izango da, lasaitasun une bat sortu eta abestien balio terapeutikoak baliatzeko.
Musikan, anakrusa lehen pultso indartsuaren aurretik dauden notak dira. Hori da, hain zuzen ere, Anakrusa saioan bilatuko dutena: mundu osoko musiken “pultso indartsu” hori baino lehenago entzuten ez diren istorio eta gaiak mahai gainean jartzea eta lagun arteko elkarrizketen bidez hauek jorratzea. Musikarekin lotutako testuingurua, bitxikeriak, esperientzia pertsonal eta istorioz osatutako programa da.
Gatazka sozial eta politikoek ere izango dute, ezinbestean, espazioa. Kurdistan Uhinetan programan Kurdistango herrietan ematen ari den iraultzarako bideari buruzko berriak eman eta bertan bizitza askerako bidea ulertzeko gakoak landuko dira: mugimenduaren historia, jineoloji (emakumeen askapenerako iraultza), paradigma aldaketa, eta beste hamaika gai.
Egham-eko kideek, bestalde, Anatema saioa jarri dute martxan, zisheteroarautik at kokatzen garenon ahotsa entzunarazteko. Sexu askapenerako beharrezko diren hainbat gai, elkarrizketa, diskurtso eta proposamen izango dira hizketagai.
Umorea abiapuntu, mamarratxeoa aldarrikatzen jardungo dute 2MatX saioan eta hizpide izango dituzte gorditak, guapak, gilipollasak, gaupaserak, gizenak, guarrak, gazteak, gArabarrak eta gordak.
Bideojokoei buruzko Kodoro Games ere izango da aurten uhinetan. Bukatzeko, Ondamendi saioa aurkeztu zuten azkenik: mendi zaletasuna gai, elkarrizketak eta bestelako sorpresak ekarriko dituzte irratiko uhinetara.
Hori guztia gutxi balitz, aurreko urteetako irratsaioak eta Euskal Herriko beste irrati batzuetan ekoitzitako 13 irratsaio izango dira entzungai Hala Bediko uhinetan, Arrosa Sareko partaide baita irratia. Arrosa Sareak ekoitzitako Zebrabidea magazina ere entzun ahal izango da, Hala Bedin bertan grabatua.
Hala Bedi Irratia Hala Bedi Bat kate elebidunean (107.4 FM Gasteiz eta Lautadan / 107.7 FM Arabar-Errioxan) eta Hala Bedi Bi euskara hutsezko katean (95.6 FM Gasteiz eta Lautadan) emititzen da. Online ere entzun daiteke emisioa, halabedi.eus helbidean.