argia.eus
INPRIMATU
2021etik Nafarroan hamabost herritarrek heldu diote eutanasiari hiltzeko
  • Osasunbideko arduradunek zehaztu dutenez, bermatu da eskubidea ahalik eta berme handienekin gauzatzea bai herritarrentzat, bai eskatzaileentzat, bai haien senitartekoentzat, eta baita osasun-profesionalentzat ere.

ARGIA @argia 2023ko martxoaren 31
Argazkia: Europa Press

Espainiako Estatuan Eutanasia Arautzeko Lege Organikoa (LORE) onartu zenetik, Nafarroan guztira hamabost eutanasia egin dira azken bi urteetan, bi 2021ean eta hamahiru iaz, Berme eta Ebaluazio Batzordearen aldeko txostenak jaso ondoren.

Eutanasiari heldu diotenek gaixotasun neurologikoak –%40ak– eta onkologikoak pairatzen zituzten. Zortzi gizonezkoak ziren eta bi emakumezkoak, eta eskatzaileen batez besteko adina 64 urtekoa da. Era berean, bi urte horietan bost pertsonari eutanasia ukatu egin zaie eta beste bi pazientek atzera egin dute eskarian.

Eutanasia gehienak familia medikuntzako profesionalek bideratu dituzte eta etxean bertan egin dira, eskatzaileek egindako eskaerari erantzunez. Heriotza Duinaren Behatokiak argitaratutako inkesten arabera, Nafarroako biztanle gehienek etxean hil nahi dute. Gaixoak eskaera egiten duenetik eta amaitu arte, prozesuak batez beste 44 egun irauten du.

Prozedura eta kasuen jarraipena

Behin eskaera egiten denean, Azterketa eta Berme Batzordeak aztertzen du kasu bakoitza eta erabakitzen du eutanasia eman ala ez. Duela bi urte legea indarrean jarri zenetik bost kasuri ukatu dio eskubidea. Batzorde honetako lehendakari María Luisa Arcosen esanetan, buruko gaixotasunekin kontu handiarekin ibili behar da, “eutanasiak halako kasuak onartzen baititu, baina oso argi izan behar dela ez dela gaixotasun hori eutanasia eskaera egiteko arrazoia”. Batzordeak ukatutako bost kasuetan, adibidez, medikuak horietako kasu bakar batean onartu zuen eutanasia.

Honakoak dira Nafarroan LOREren aplikazioa agerraldian baloratu duten osasun arloko arduradunak: Osasuneko zuzendari nagusia den Carlos Artundok, Nafarroako Foru Komunitatean Hiltzeko Laguntza emateko Berme eta Ebaluazio Batzordeko lehendakaria den Maria Luisa Arcosek eta Osasun Arloko Herritartasunaren, Aseguramenduaren eta Bermeen Zerbitzuko zuzendaria den Geno Ochando.