argia.eus
INPRIMATU
2021etik itxita zeuden lau muga pasabideak ireki dituzte
  • Julien Charles Pirinio Atlantikoetako prefetak adierazi zuen “bateragarriak direla” segurtasunaren erronkak eta pasabideak berrirekitzea. Halaber, Poliziaren kontrolek “jarraituko dutela” argitu zuen.

ARGIA @argia 2023ko urriaren 30

Pirinio Atlantikoen prefeta Julien Charlesek baieztatu zuen joan den astean urriaren 30etik aurrera zabalik egongo direla Hendaia eta Irun arteko zubia, Aldudetako pasabidea eta Larrain eta Izpegiko lepoak. 2021eko urtarriletik daramate itxita pasabide horiek, eta Charlesek adierazi du segurtasunaren erronkak eta pasabide horiek berrirekitzea bateragarriak direla: “Poliziaren kontrolek jarraituko dute”.

Baionako hedabideetako ordezkariekin eginiko bileran iragarri zuen irekiera. Erabakia inguruko herrietan bizi diren lagunentzat “albiste lasaigarria” dela adierazi zuen, askotan “joan-etorri luzeak” egin behar baitzituzten “beste bide batzuetatik”. Hala ere, kontrol dispositiboen jarraipena baieztatu du: “Migratzaileentzat egoera ez da aldatuko”.

Bestalde, mugaren inguruan “kontrolak zorroztu” dituztela azpimarratu zuen, Palestina eta Israelen arteko gatazka dela eta. Hala ere, adierazi zuen “testuinguru berezia” izanik ere, “lau pasabideen irekitzea “ez dagoela kolokan”.