argia.eus
INPRIMATU
2021eko Pirinioetako Planak lan-poltsa jarriko du martxan Nafar Pirinioetako lan-eskaintza hobetzeko
  • Pirinioetako Batzarrak 2021erako Pirinioetako Plana onetsi du astelehenean Nafarroako Parlamentuan. Garapen ekonomiko eta soziala bultzatzeko eta Pirinioetako zonaldeak jasaten ari diren despopulazioa arintzeko ekintzak egingo dira.

Ixone Arana @ixonearana1 2021eko otsailaren 10a

Jantoki komunitarioa martxan jartzea aurreikusten du planak, herritarren sektore ahulenei arreta emateko, tokiko eta zero kilometrokoko produktuaren sustapenean oinarritutako eskaintzarekin. Berariazko lan poltsa ere sortuko da Pirinioetako biztanleentzat, bertako lan eskaintza hobetzen laguntzeko. Azkenik, Aizpeako kobazuloa ezagutarazteko plan bat ere prestatzen ari dira. Proiektu hauek 2020. urtean hasitako beste hainbatekin batera abiatuko dira.

Despopulatzeari aurre egiten

Nafar Piriniotako biztanleria %13 jaitsi da azken hamar urteetan eta Iruñerrian Nafarroako biztanleen erdia baino gehiago dira. Pirinioetako Planak proposatutako ekintzak Nafar Pirinioetara bizitzera joatea aukera erakargarria izatea bilatzen dute. Urte batzuk daramatzate biztanleriaren jaitsierari aurre egin beharrean. 2017an ARGIAK Nafar Piriniotan bizi ziren gazte batzuekin hitz egin zuen, azaldu zutenez, arazo nagusietako bat biztanle gehienak 50 urte baino gehiagokoak direla eta 70 urtetik gorako pertsonen kantitatea 30 urtetik beherakoena baino nagusiagoa dela.

Bertako ingurugiroa naturarekin loturik dagoela ezin da ukatu baina lehen sektorearen indarraz gain turismoa ere tokiko sostengu garrantzitsu bat da. Naturaz eta historiaz betetako turismoa, hain zuzen ere.