argia.eus
INPRIMATU
2021eko Ignacio EllacurĂ­a saria, Nikaraguako Artikulazio Feminista eta Apirileko Amen Elkartearentzat
  • Nikaraguan emakumeen eskubideen alde eta bakegintzan egiten duten jardunagatik saritu dituzte.

ARGIA @argia 2021eko urriaren 27a
Argazkia: Irekia

Asteartean banatu dituzte 2021eko Ignacio Ellacuría garapenerako lankidetzako sariak. Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik jaso dute saria Nikaraguako Artikulazio Feministak eta Apirileko Amen elkarteak (AMA, Asociación Madres de Abril), Nikaraguan emakumeen eskubideen alde eta bakegintzan egiten duten jardunagatik. Mugen Gainetik elkarteak proposatu zuen horien hautagaitza.

Hautagaien artean aukeraketa egiteko orduan, sarituen alde egiteko arrazoiez mintzatu da epaimahaia. Adierazitakoaren arabera, “emakumeen eta Nikaraguako herriaren eskubideen eta justiziaren aldeko borrokagatik, eta lan horrekin euskal gizartea zein nazioartekoa sentsibilizatzen laguntzeagatik” golardatu dituzte.

Nikaraguako Artikulazio Feminista 2004an sortu zen, emakumeen eskubideak aldarrikatzea eginkizun. Eusko Jaurlaritzak emandako azalpenen arabera, azken urteetan eta krisi politikoaren ondorioz sortutako "protestetako buru izan da eta gobernu-errepresioaren biktimei babesa ematen aritu da". Artikulazioaren izenean saria jaso duen María Eugenia Gómez López elkarrizketatu zuen ARGIAk 2019an. Saria jasotzean egindako adierazpenen bidez, mahai gainean jarri nahi izan ditu “euskal gizartearekin ditugun lotura sendoak, bereziki, gure ahizpa feministekin eta gizarte erakundeekin”.

Apirileko Amen elkartea, aldiz, oraintsuago sortua da. 2018ko protestetan hildako gazteen senideek osatzen dute, eta orotara 100 familia inguru biltzen ditu. Elkarteko presidente Francys Valdiviak sariketan adierazi duenez, “AMAren ardatz nagusiak dira egiaren aldeko borroka, justizia eta memoriaren eraikuntza”.

Ignacio Ellacuría sariketa 2008an abiatu zen, EAEtik edota beren jatorrizko herrialdeetatik herrien arteko berdintasunaren eta justiziaren alde lan egiten duten erakundeak zein norbanakoak saritzea xede.