Aurten Leioa eta Sopelan ospatuko den Ibilaldiaren abestia eta bideoklipa kaleratu dituzte, Kala kalata! leloa oinarri hartuta jarri dio letra Xabi Payak.
Bizkaiko ikastolen aldeko jaia Sopelan eta Leioan egingo dute maiatzaren 30ean, Ander Deuna eta Betiko ikastolek antolatuta. Kala kalata! lema oinarri hartuta aurtengo Ibilaldiaren abestia eta bideoklipa aurkeztu dituzte. Xabi Payak jarri dio letra abestiari, eta musika Xabi Aburruzagak. Abeslarien artean, ikastoletako ikasleez gain Aiora Renteria, Maitane Salvador, Iholdi Beristain eta Itziar Ituño daude.
"Letraren egileak inor baino hobeto jakin du berba gutxitan biltzen lelo horrekin adierazi nahi dena" ,azaldudute antolatzaileek. Hain zuzen ere, "bidaia honetan, goitik behera eta hezur mamiraino busti beharra dagoela" adierazi nahi izan dute: "Busti beharra euskara ezagutu eta ikasteko, busti beharra euskaraz mintzatzeko, busti beharra euskara edonorekin edonon eta edonoiz erabiltzeko, busti beharra, azken batean, euskaraz bizitzen ikasteko".