argia.eus
INPRIMATU
2021eko Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratu egingo da
  • Bertsozale Elkarteak jakinarazi duenez, datorren urtean egitekoa zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia atzeratzea erabaki dute.

ARGIA @argia 2020ko abenduaren 15
2017ko Bertsolari Txapelketako Finala Barakaldoko BECen (argazkia: Dani Blanco).

2021eko irailean hastekoak zen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren edizio berria, baina Bertsozale Elkarteak astearte honetan jakinarazi duenez, atzeratu egingo da "aurretik zenbait lurraldetako txapelketekin gertatu bezala".

"Orain pentsaezina den jende multzoa elkartzen duen kultur ekitaldia da txapelketa, eta, osasun irizpideak aintzat, gerta liteke momenturen batean parte-hartzaileren bat parte hartu ezinik geratzea. Hasi eta buka, txapelketa gauzatzeko bermerik ez dago", azaldu du Bertsozale Elkarteak.

Pandemiak dagoeneko atzerarazi ditu beste bertso txapelketa batzuk ere. Udazken honetan egitekoak ziren Bizkaikoa eta Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoakoa baina bertan behera geratu dira. Lehenbizikoaren kasuan, lehen fasea egitea lortu ondoren erabaki zuten aurrera ez jarraitzea; Ipar Euskal Herriko Xilaba txapelketaren kasuan berriz, urriaren amaieran eten zen, Frantziako Estatuan agindutako konfinamendu berriak eraginda.

2021eko lehen hilabeteetan egitekoak ziren Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak ere eta horiek ere atzeratzeko erabakia iragarria zuen Bertsozale Elkarteak duela zenbait aste. "Honenbestez, lurralde horietako txapelketak ez ezik, lurralde horietan jazotakoa aintzat izaten duen Txapelketa Nagusia ere atzeratzea erabaki dugu, data berririk zehaztu gabe. Pandemiaren bilakaeraren eta bertsolaritzaren egoeraren arabera erabakiko dugu data berria", adierazi du Bertsozale Elkarteak.

Egoera honetan, "bertsolaritzaz gozatzeko guneak bultzatzen eta antolatzen" jarriko du Elkarteak indarra urte berrian.